Egungo gazte lokalak erregularizatzeko 2017ko otsailaren 5era arteko epea dago

2016/02/08
Lokal jabeek jarduera baimena tramitatu behar dute

  2014ko Gabonetan gaiaren inguruko hausnarketa prozesua abian jarri zenean, gazteek erabiltzen zituzten 24ren bat lokal identifikatu ziren. Ordutik hona, batzuk utzi dira eta berriak erabiltzen hasi dira. Baina martxan daudenen jabeek urtebeteko epea dute jarduera baimena eskuratzeko, baldin ere, gazteen aisialdi lokal gisa jarraitzea nahi badute. Eta hemendik aurrera erabilera hori eman nahi zaien lokalek ere, jarduera baimena izan beharko dute.

  Otsailaren 4an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean gazteen aisialdirako lokalak arautzen dituen udal ordenantza behin betiko izaeraz onartu zenaren iragarkia. Argitalpen horrek abiatu du egun martxan diren lokalak erregularizatzeko urtebeteko epea; ordenantzak hala jasotzen baitu.

  Urtarrileko Osoko Bilkuran erabaki zen gazte lokalak arautzeko ordenantza behin betiko izaeraz onartzea. Ordenantzak gazteen aisialdirako lokalek bete beharreko gutxieneko baldintzak zehazten ditu, bai segurtasun nahiz osasun aldetik. Lokalek komuna eta ur hartunea izan beharko dute eta argindar instalazioa egoki dagoela ziurtatzen duen agiria. Hozkailua eta mikrouhin labea izatea onartzen bada ere, ezin da butano bonbonarik izan edota bertan sukaldatu. Zarata maila, lokalen arteko gutxieneko distantzia edota gazteen erabilpenerako izan daitezkeen lokalen kaleen araberako kokapena mugatu da udal ordenantzan. Lokal jabeek erantzukizun zibileko asegurua egin behar dute eta poliza urtero berrituta udaletxean aurkeztu beharko dutela ere zehazten da.  Hori egin ezean, jarduera baimena kendu egingo zaie. Behin betikoz onartu den gazte lokalen ordenantzan arau hauste kasuetan jarraitu beharreko disziplina araubidea edota izan daitezkeen zigorrak jaso dira, besteak beste. Baina oinarrizko bete beharra, jarduera baimena lortzea izango da.

  Gazteen aisialdirako lokalak arautzen duen udal ordenantza bera eta lokalaren jarduera baimena tramitatzeari buruzko argibideak udaletxean, hirigintza zerbitzuetan eskuratu daitezke. Egun erabiltzen diren lokalen jarduna erregularizatzeko urtebeteko epea dagoeneko martxan da eta oraindik erabilera hori ez izan arren gazteen lokal izatera bideratu nahi direnentzat jarduera baimena lortu beharko da.
 

Iturria: Oñati Irratia