Egaralur enpresak egingo ditu Osasun Zentroaren inguruko urbanizazioa irisgarritasun baldintzetara egokitzeko lanak.

2012/09/03
Esleipena orain egin bada ere lanak San Migel jaixak pasa ondoren hasiko dira.

  Udalak, publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabili du lanak esleitzeko. Hala, hainbat enpresei beren proposamenak egiteko gonbidapena luzatu zien eta jaso diren hiru erantzunetatik, eskaintza merkeena egin duen EGARALUR enpresari esleitu zaizkio. Onartu den prezioa, ia 91.500 euro gehi BEZa da.

  Bidebarrieta kaletik anbulatoriora bitarteko bidea da datozen hilabeteetan irisgarritasun arauetara egokituko dena. Udalak onartutako proiektuaren arabera, kiroldegitik osasun zentrora arteko tartean dauden oztopo arkitektonikoak ezabatu, zebra bideak egokitu eta elbarrituentzako aparkalekuan berrantolatuko dira, besteak beste. Udaltzaingorako eta Bake Epaitegirako sarrerak ere egokituko dira.

  Interbentzio nagusia, anbulatorio aurrealdean egingo da. Ingurua, oztoporik gabeko plataforma bakar bihurtuko da eta espaloiak eta galtzada maila berean jarriko dira, kiroldegi aurrealdean dagoen gorri koloreko asfalto guneari jarraipena emanez. Anbulantziak geratzeko gune bat ere markatuko da osasun zentroaren aurrealdean.

  Anbulatorio inguruko errotondaren egitura ere moldatuko da. Egun errepidean marraztuta dagoen biribilgunearen ordez, zorutik 5 zentrimetro altxatuko den plataforma modukoa egingo da, gidariak buelta egitera behartuz eta bide batez abiadura moteleraziz.

  Kiroldegi aurrealdean elbarrientzat dauden aparkalekuak berrantolatuko dira eta beste plaza bat egokituko da errepidearen bestaldean. Ikastolak autobusarentzat erreserbatutako aparkalekua bestalde, lekuz aldatuko da lurrazpiko parkinera sartzeko igogailua dagoen gunerantz.

  Udaltzaingoaren egoitzarako sarreran arrapala egokituko da eta Bake epaitegirako sarbide zuzena egingo da.

  Lanak, esan bezala, San Migel eta Errosarixo jaixak amaituta, urriaren 15ean hastea espero da eta lau hilabetez luzatuko dira. Pasa den ostegunean bildu zen kontratazio mahaiak, EGARALURi esleitu zizkion osasun zentroaren inguruko urbanizazioa irisgarritasun baldintzetara egokitzeko lanok.