2020ko aurrekontuetarako herritarren proposamenak jasotzeko bideak aktibatu ditu EAJk

2019/11/07
Ekarpenak zuzenean, posta elektronikoz edo sare sozialen bidez helarazi daitezke

  2020ko udal aurrekontuen lanketaren harira, EAJren udal taldeak oñatiarren ekarpen, iritzi eta proposamenak ezagutu nahi ditu, aurkeztuko dituen ekimenak herritarren behar, eskaera eta iradokizunei erantzun diezaieten. Horretarako aurreko urteetan erabili izan dituen bide anitzak aktibatu ditu berriro. Ekarpenak, Batzokiko buzoian utzi daitezke, helbide elektronikoz pnvonati.partaidetza@gmail.com era bidali edo udal taldearen whatsapp zenbakia erabiliz ere bai, 688 602 100 zenbakiaren bidez, eta noski, zuzenean zinegotziei jakinarazita.

  Kiroldegia eraberritzeko lanek eraginda, inbertsio handirik egiteko aukerarik ez dela izango jakitun dira jeltzaleak, baina inbertsio txikien bidez, oñatiarren bizi kalitatea hobetzeko aukera ematen duten proposamenak lehenetsiko dituztela jakinarazi dute. Baita, beste erakundeen dirulaguntzak izan ditzaketen proposamenak ere.

  EAJren udal taldea hasita dago proposamenak lantzen. Eskuartean dituzten sei proposamen aurreratu dituzte: tokiko merkataritza sustatzeko neurriak; kulturan, sormen bekak sortzea; oinezkoen, bizikleten, patineteen eta bestelakoen elkarbizitza bermatzeko araudia lantzea; adikzioak prebenitzeko plana gazteekin eta hauen gurasoekin lantzea; Euskadi lagunkoia programara atxiki eta, besteak beste, adin guztietarako hirigintza atsegina eta irisgarria bermatzea; eta Azkoagain futbol zelaia eta azpiegiturak konpontzeko dirulaguntza.

  Datorren urteko aurrekontuetara begira dauden bitartean, aurtengoen gauzatze mailak kezkatzen dituela jakinarazi dute jeltzaleek. Partaidetzazko aurrekontuak prozesuaren baitan herritarrek bozkatu zituzten lan asko egiteke daudela gogorarazten dute. Adibide gisa aipatzen dira, San Pedro-Madalenan eta Olabarrieta-Asentzion komun publiko irisgarriak jartzea, Ugarkaldeko jolas partea estaltzea, bizikletentzako aparkaleku estaliak jartzea edota zebrabideak argiztatzea. Ainhoa Galdos bozeramale jeltzaleak dioenez ez da zilegia herritarrei ekarpenak eskatu eta ez betetzea.

Iturria: Oñati Irratia

EAJren udal taldea