Debagoienako Mankomunitateak, harrera protokolo bat diseinatu eta martxan jartzeko bi teknikari kontratatuko ditu aldi baterako.

2015/01/14
Eskaerak, urtarrilaren 19ra arte aurkeztu daitezke.

  Mankomunitateko udaletan, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin eta elkar lanean, harrera protokolo bat diseinatu eta martxan jartzeko, behin behineko izaeraz bi teknikari kontratatuko dira.

  Euskal Herrian eta Gipuzkoan identitate eta jatorri soziokultural ezberdineko lagunek bat egiten dute gaur egun. Guztien arteko bizikidetza dinamiko, positibo eta aberasgarria bideratu ahal izateko estrategiak landu behar dira. Eta gurera bizitzera datozen jatorri ezberdineko bizilagun berriei ahalik eta harrera egokiena egitea da horretarako gakoa. Mankomunitateak kontratatuko dituen bi tekniko horiek, harrera protokoloa diseinatuko dute eta eskualdeko udaletan martxan jarriko dute.

  Gipuzkoako Foru Aldundiak, lan hau egin ahal izateko aholkularitza eta gidaritza ez ezik, teknikarien kontrataziorako diru laguntza ere emango du.

  Udaletan harrera protokoloa diseinatu eta martxan jartzeko teknikari lanpostura aurkezteko epea zabalik dago jada. Deialdia, soziologian, psikologian, antropologian, gizarte langintzan edo gizarte hezkuntzan graduatua dutenei edota, gizarte langintzan edo gizarte hezkuntzan diplomatua dutenei zuzenduta dago.

  Horrezaz gain, eta euskarari dagokionean, hirugarren hizkuntza eskakizunaren maila izatea eskatzen da. Hala ere, maila hori egiaztaturik ez dutenek eskaera bete ahal izango dute baina euskarazko azterketa egin eta gainditu beharko dute. Eta euskara proba da hain zuzen ere, azterketaldian jaso den lehena. Bigarren ariketan, lanpostu deialdian txertatu den gaitegiarekin lotutako proba praktikoa gainditu beharko da.

  Lehiaketa aldian berriz, euskarari dagokionean, 4. Hizkuntza eskakizun maila egiaztatzea, lan esperientzia eta formazio osagarria bereziki baloratuko da.

  Mankomunitateak martxan jarri duen hautaketa prozesu honen helburua bi teknikari kontratatzea bada ere, lan-poltsa osatuko du. Hau da, azterketaldia gainditzen duten hautagaien zerrenda gordeko da antzerako lanpostuetan sortu daitezkeen aldi baterako langile premiei erantzun ahal izateko.

  Beteko diren lanpostuak, aldi baterako izango dira, aipatu harrera protokoloa osatu eta martxan jartzeko proiektua bete bitartekoa, alegia.

  Interesa dutenek, hautaketara aurkezteko eskaerak mankomunitatearen Arrasateko egoitzan presentatu behar dituzte. Horretarako azken eguna, datorren astelehena, hilaren 19a izango da. Informazio gehiagorako, 943 79 33 99 telefono zenbakira deitu daiteke edo www.debagoiena.eus atarian kontsulta egin daiteke.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Debagoienako Mankomunitatearen eraikina