Debagoienako Mankomunitateak langabezian dauden bi langile kontratatuko ditu zazpi hilabetez, energia arloan programa bat garatzeko.

2014/10/27
Arloan, esperientziadun teknikari bat eta esperientziarik ez duen beste bat kontratatu nahi dira. Hala berezituta argitaratu dira bi teknikari kontratatzeko deialdiak.

  Mankomunitateko Garapen Agentzia Zerbitzuak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean eta honek emandako diru laguntzaren babesean, bi teknikari kontratatuko ditu, 7 hilabeterako eta egun erdiko lanaldiarekin. Biak elkarrekin arituko dira, eskualdeko enpresetan energiaren balio kateak eta energiaren eraginkortasuna sustatzeko programa osatzen. Konkretuki, Debagoienako enpresen eta energiaren industriaren balio katearen analisiak egingo dituzte eta auditoria energetikoak ere bai. Zentzu horretan, teknikari hauek dinamizazio lana ere egin beharko dute energia aurrezteak duen garrantzia azpimarratuz enpresekin batera lan pedagogikoa burutuz.

  Mankomunitateak zazpi hilabeterako kontratatuko dituen bi tekniko hauek, langabezian egon behar dute une honetan eta LANBIDE zerbitzuan izena emanda.

  Lanpostuetara aurkeztu ahal izateko goi mailako unibertsitate titulazioa eskatzen da ingeniaritzan edo arkitekturan, hau da, lizentziatua edo graduatua izatea eskatzen da. Euskarari dagokionean, hirugarren hizkuntza eskakizunaren maila eta baten kasuan, ikasketak bukatu eta kontratazioaren unera arte lanpostuaren zereginekin lotutako esperientzia laboralik ez izatea eskatzen da, beste kasuan berriz, justu kontrakoa, lan esperientzia izatea.

  Interesa duenak, eskaerak egiteko epea zabalik du azaroaren 3ra arte. Eskaerak, Nortasun agiriaren fotokopiarekin batera, Debagoienako Mankomunitatearen egoitzan, Arrasaten aurkeztu behar dira. Aukeraketa prozesua hasten denean berriz, esperientziadun teknikariaren lanpostura aurkeztu direnek eskarmentu hori egiaztatzen duten agiriak eraman beharko dituzte epai mahaiak kalifikatu ditzan.

  Energia arloan programa bat garatzeko mankomunitateak zazpi hilabetetako kontratatu nahi dituen teknikari lanpostu hauen inguruko argibide gehiago mankomunitatean bertan jasoko duzue edo hemen Oñatin, udaleko enplegu zerbitzuan, Bidebarrieta kaleko 12an dauden bulegoetan edo honako telefono zenbakian: 943 03 77 00.

Iturria: Oñati irratia