Debagoienako Batzokietan legealdian zehar egindako pintadak gaitzetsi dituzte eskualdeko hautetsi jeltzaleek

2017/03/16
Card image cap
Azkena Oñatin egin zen zapatu gauean

  Legealdian zehar eskualdeko hainbat Batzokietan azaldu diren pintadak gaitzetsiz, eta bereziki azken hilabetean Oñati eta Aretxabaletan egin direnen harira, ohar bateratua kaleratu dute eskualdeko hainbat udal hautetsi jeltzalek. Debagoiendarrak eta Gipuzkoako Buru Batzarreko kide Josu Ezkurdia Oñatiko Batzokian elkartu ziren atzo arratsaldean. Izan ere, gaitzetsi diren pintaden azkena Oñatin egin baitzen zapatu gauean. PNV = esbastika margotu zen eta Batzokia erraustu irakur zitekeen aipatu pintadan.

   Egungo gizartean zenbait pertsonek oraindik barneratuta daukaten biolentziaren inguruko kezka eta ardura azaldu dute hautetsi jeltzaleek. Garai berrien inguruan hitz egiten den arren, eskualdeko herrietan EAJ-ren aurka egiten ari diren erasoek zalantza sortzen dutela diote Debagoienako EAJko kideek. Ekintza horiek herritarren bizikidetza baketsua oztopatzen dutela adierazi dute. Era berean, errespetua exijitu dute eta pertsonen iritzi eta pentsaera eskubidearen aurkako eraso horien helburuaren inguruan hausnarketa egitera deitu dute. Amaitzeko, beldur barik lanean eta errespetuan oinarritutako elkarbizitza baten aldeko apustua egiten jarraituko dutela berretsi dute jeltzaleek.

  Eskualdeko hautetsi jeltzaleek atzo Batzokian egin zuten bileran, Oñatiko EAJko udal taldearekin batera, Arraste eta Eskoriatzako alkateek eta eskualdeko gainontzeko herrietako zinegotzi batzuk parte hartu zuten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!