Oñatiko udala

D2030 egitasmoa sustatzeko eragileen arteko lankidetza hitzarmena sinatuko du Oñatiko Udalak

2020/06/30
Card image cap
Aho batez onartu zen osteguneko Osoko Bilkuran

  Oñatiko udalak hasieratik parte hartu du D2030 egitasmoan, sustatzaileetako bat izan da. Orain, urrats berria emango da eta Debagoienako Garapen Iraunkorrerako Sarea osatuko duten erakunde publiko eta eragile pribatuen arteko lankidetza hitzarmena sinatuko da. Udalbatzak, hala egitea onartu zuen pasa den asteko Osoko Bilkuran, aho batez.

  Debagoiena garapen iraunkor baterantz trantsizioa gauzatzeko erronkaren aurrean dago. Egoeraren diagnostikoa egin eta etorkizuna prestatzeko agenda partekatu bat behar dute erakunde publiko zein eragile partikularrek. Bailarak historikoki garatu duen eredu komunitarioan sakonduz, etorkizun iraunkor hori elkarrekin eta eragileen sarea osatuz lantzea proposatzen du D2030 egitasmoak. Sarea, Debagoieneko Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eskualdeko udalek, Mondragon Unibertsitateak, Garaia Berrikuntza Guneak, hainbat kooperatibek, tartean Ulma taldeak, eta hainbat Fundazioek osatuko dute. Orain, sare horren partaideak lankidetza hitzarmenera atxiki ala ez erabakitzen ari dira, Oñatiko udalak egin duen bezala.

  D2030 egitasmoan lankidetza hitzarmenak, ekimena bera sustatzeko konpromisoa hartzea adierazten du. D2030-en gobernantza ereduaren ezaugarri nagusiak kolektiboa eta irekia izatea dira eta lidergo partekatuan oinarritzen da. Eskualdeko eragile anitzen sarea den aldetik gainera, gobernantza ereduan ere aniztasun hori bermatuko da, administrazio publiko, kooperatibak, sektore pribatua, herrigintza antolatua eta herritarrak gobernantza horretan inplikatuz. Sarearen gobernu batzordea izango da bestalde, D2030en organo instituzional gorena.

  Uztailaren 22an sinatuko den lankidetza hitzarmen horretan, sustatzaileen konpromisoak biltzen dira, esan bezala, baita, helburuak, funtzioak, marka, lan hizkuntza eta genero berdintasuna ere, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!