Covid-ari aurre egiteko prebentzio neurriak areagotu ditu Udalak

2021/04/15
Azken zazpi egunetan 91 positibo zenbatu dira Oñatin eta 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 1.238 da

  Azken egunotan nabarmen egin du gora COVID-19ak kutsatutako herritarren kopuruak. Altua da intzidentzia-tasa eta egoera horretara egokituriko prebentzio neurri berriak hartu ditu Udalak. Musuko kirurgikoak banatuko dira zenbait udal zerbitzutan: Gaztelekuan edota kontzertu, antzerki emanaldi, hitzaldi eta antzerako kultur ekitalditan. Gainera, Haur eta Gazteria saileko eta Eskola kiroletako zerbitzuen  dinamikak egokitu dira. Hala, bertan behera utzi dira Gaztelekutik antolatu ziren zenbait irteera eta eten egin da Gaztelekuko oihal ikastaroa, Eskola kiroleko jarduna ere lau pertsonako taldetara mugatu da, kanpoko ekintzak indartzearekin batera. Aldi berean, igerilekuko dutxen erabilera mugatu da eta unean uneko jarraipenerako harremana indartu da herriko ikastetxeekin.

  Egoerak okerrera egiten badu neurri berriak hartu daitezkeela aurreratu du alkateak. Zentzu horretan, unean uneko jarraipena egiten ari direla eta  osasun adituekin harremanetan daudela esan du. Izan ere, aurreko astetik nabarmen gora egin baitu kutsatuen kopuruak Oñatin. Adin eta harreman esparru ezberdineko herritarrak gaixotu dira, alegia, jatorri anitzeko kasuak gertatzen ari dira eta ez da zabalpen foku konkreturik identifikatu, pasa den otsailean gertatu ez bezala. Horregatik, irizpide orokor batzuen araberako neurriak hartu dira, alor edo erabiltzaile profil zehatz bateko zerbitzuetara mugatu gabe.

  Herritarroi ere, orain artean bezala, elkar zaintzen eta auto-babesten jarraitzeko eskatu du alkateak, aurrez aurreko harremanak mugatu, musukoak erabili, eskuak garbitu, espazioak aireztatu edota distantziak mantentzen, besteak beste.
Unean uneko jarraipena egiten ari dira udal arduradunak eta egoeraren arabera neurri berriak hartu edo martxan direnak malgutzen joango direla adierazi du Izaro Elorzak.

Iturria: Oñati Irratia