Chernobilen Lagunak elkarteak Udalaren bi diru laguntza jasoko ditu: Ukraniako haurrak udan Oñatira ekartzeko eta gurean atzo ospatuko zen Chernobilen aldeko festarako

2016/07/18

  Hobeto aztertzeko, mahai gainean geratu zen hasieran, gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteei zuzenduta Udalak eman ohi dituen diru laguntzen atalean, Chernobilen lagunak elkarteak aurkeztutakoa. Taldeak bi eskaera egiten zituen: uda pasatzera gurera ekarri asmo zituzten haurren bidaia-gastuak arintzeko diru laguntza batetik, eta atzo egin zen sentsibilizazio-elkartasun eguna aurrera eramateko laguntza bestetik.

  Oñatiko hiru familiak parte hartzen dute Ukraniako haur eta gaztetxoei udan harrera egiteko programan. Ume bakoitzaren bidaia-gastuak 1000 euro izaten da, gutxi gora behera. Kopuru horretan, hegazkin txartela, aireporturako bidaiaren autobusa, asegurua, notaritza gastuak eta abar sartzen dira. Kopuru hori arintze aldera, Udalak diru laguntzak eman ditu orain arte. Iaz, esaterako, bi haur etorri ziren Oñatira eta garapenaren aldeko diru laguntzetatik 1227 € eman zitzaizkion elkarteari. Aurten ordea, diru laguntza horien arautegia aldatu da eta elkarteak ez ditu baldintza berriak betetzen. Hala ere, eta Ongizate Batzordetik, diru laguntza emateko aukera ikusi da eta hala egitea erabaki da. Aurten 3 neska mutiko ekarri direnez, hauen bidaia gastuei aurre egiteko, 1840 € emango dizkio Udalak, Chernobilen lagunak elkarteari.

  Bestalde, eta Chernobilgo istripua gertatu zenetik  30 urte bete diren honetan, Oñatin, sentsibiliazazio-elkartasun eguna ospatzea erabaki zuen elkarteak eta horretarako, udalaren laguntza eskatu zuen, baliabide material eta ekonomikoak eskatu zituen. Atzo egin zen elkartasun jairako, Gaztelekua erabiltzeko baimena eta 750 euroko diru laguntza eman zion Udalak elkarteari.

Iturria: Oñati Irratia

Atzoko sentsibilizazio-elkartasun eguna (Arg: Goiena)