Botoa posta bidez eman ahal izateko eskaera epea bihar amaitzen da

2016/06/15
Ohiko eskaeren bikoitza baino gehiago jaso dituzte orain arte posta bulegoan

  Ekainaren 26an dagokien hauteskunde mahaitara joaterik ez dutenek, botoa postaz, korreoz emateko aukera dute. Horretarako, eskaera, edozein posta bulegotan egin liteke. Oñatiko bulegoan, ohiko eskaeren bikoitza baino gehiago tramitatu dituzte orain arte. Normalean, 140-150 eskaera inguru izaten dituzte eta oraingoz, 320ren bat  jaso dituztela adierazi digute. Ekaineko azken egunak, opor egunak dira askorentzat. Kontu egin behar da gainera, San Juanak aprobetxatuz, askok kanpora joateko ohitura duela. Hori, postetxean igarri dute, normalean baino eskaera gehiago jaso baitituzte botoa postaz eman ahal izateko. Gainera, eskaera gehiago jasotzea espero dute, bihar amaitzen baita horretarako epea. Bulegoa, 14.30tan itxiko da, baina eskaerak biharko zerbitzuan irten daitezen, 14.00ak baino lehen tramitatzea gomendatzen dute postetxeko arduradunek. Botoa postaz eskatu ahal izateko, NANrekin, karnetarekin joan behar da.

  EAJ ere ari da tramitazio horretan laguntzen. Jeltzaleak Batzokian egoten dira11.30tatik 12.30etara eta 18.00tatik 19.00tara. Bihar ere, goizean egongo omen dira. Argibideren bat nahi duenak, honako telefono zenbakira deitu dezake: 943.780117.

  Baina posta bidezko botoaren tramitazioan ez da amaitzen postarien lana. Eskaera egin eta gero, Hauteskunde Juntak igortzen duen dokumentazio guztia, eskura eraman behar diote eskatzaileari. Dokumentazio horretan, hauteskundeetara aurkezten diren alderdi eta aukera guztien papeletak, eta botoa postaz nola eman behar denaz azalpenak jasotzen dira. Dagoeneko, dokumentazio sobre horiek ere ari dira Oñatira iristen.

  Hauteskundeekin erlazionatuta, postarien hurrengo lana, gordelariarena izango da. Postaz iristen diren boto guztiak hauteskunde egunera arte gordeko dituzte. Ekainaren 26an, hauteskunde kolegioak irekita, mahaiz mahai joango dira bakoitzean erroldatuta dauden hautesleen boto horiek banatzen.

  Hauteskunde garaia lan extra garaia izaten da herriko postarientzat eta ez soilik, aipatu bezala, posta bidezko botoen tramitazioagatik. Hauteskunde propaganda nagusiki postaz bideratzen da. Batzuetan propaganda hori pertsonalizatuta, hartzailearen izen abizen eta helbidez iristen da eta beste askotan berriz, izenik gabe. Baina horien guztien banaketa, herriko postariek egiten dute. Hauteskunde egunaren aurreko aste hauetan, guztira, 70.000 gutun extra banatzea aurre ikusten dute Oñatiko postetxean.

Iturria: Oñati Irratia