Botoa ikastolan eman ohi duten hautesleek, kiroldegira joan beharko dute ekainaren 26an

2016/05/20
Ikastolan lanak egin behar dituztela eta erabaki da, hauteskunde mahaiak lekuz aldatzea

  15 izango dira Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskunde egunean Oñatin jarriko diren boto mahaiak. Horietatik 7, Zubikoa kiroldegian kokatuko dira, alegia, aurrekoetan Txantxiku Ikastolan izan diren 7ak.
Leku aldaketaren arrazoia ikastolan egin behar dituzten egokitze lanak. Ikasturte berrian martxan jarriko duten proiektu pedagogikoak espazio ireki eta handiak eskatzen ditu. Horretara egokitzeko hainbat lan egingo da ikastolako haur hezkuntzako geletan. Hortxe kokatu izan dira orain arte hauteskunde mahaiak. Lanak, udako oporretan egingo dira, 2016-17 ikasturtea hasterako instalazioa gertu egon dadin. Horregatik, boto mahaiak, Zubikoa kiroldegira aldatzea erabaki zen. Aldaketa honen berria, datozen egunotan hautesleei etxera iritsiko zaizkien txarteletan agertuko da. Bestelakoan ez dago aldaketarik, eta Bidaurreta dorre honetan, Txiki txoko haur eskolan, Santa Marinan eta Errekaldeko eskola txikian kokatuko dira beste 8 boto mahaiak.

  Ekainaren 26an dagokion boto mahaira hurbiltzerik ez duenak, posta bidezko botoa eskatu dezake. Horretarako, estatuko edozein posta bulegora joan eta eskaera bete behar da ekainaren 16a baino lehen. Eta Braile botoa eskatu nahi duenak berriz, maiatzaren 30erako egin behar du.

  Hauteskunde orokorretarako kanpaina ekainaren 10etik 24ra luzatuko da. Zehaztu eta argitaratu dira jada kartelak non itsatsi eta kanpainako ekitaldiak non egin ahal izango diren. Kartelak itsasteko panelak, ohikoa denez, sei lekutan jarriko dira: Kultur etxeko jardineko burdinsarean; Bidaurretako fraideen orduko burdinsarean; Portu kalean, Galantzaneko burdinsarean; Garaineko finkako horman; Bidebarrieta kalean, kiroldegiko horman eta plazako posteetan. Kanpainako ekitaldi politikoak berriz, udal eraikin ezberdinetan egin ahal izango dira; zerrenda, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da.

Iturria: Oñati Irratia