Bost nekazal ustialeku modernizatzeko dirulaguntza emango du udalak, 2019ko aurrekontuen kontura

2020/02/25
Ia 11.000 euro banatzea erabaki da

  Udaleko ingurumena eta Landa Garapena departamentuak hainbat dirulaguntza kudeatzen ditu urtero, tartean, herriko nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntzak. 2019ko deialdira sei eskaera aurkeztu ziren baina bat epez kanpo iritsi zenez, ebazpen prozesuan ez da kontutan hartu.

  Belarra mozteko gailua, egurra txikitzeko makina, karetilla eta negutegirako hainbat hornidura erosteko, ukuilu berria egin eta ukuiluko ateak/sarrera aldatzeko udalaren laguntza eskatu dute bost ustialekuk. Guztiei dirulaguntza ematea erabaki zen urtarrilaren 23ko Tokiko Gobernu Batzarrean. Eskaeraren arabera, laguntza portzentajea aldatu egiten da eta % 20tik 35era doa. Kopurua handitu egiten da ordea, eskatzailea gaztea bada edo ekologikoan lan egiten badu. Hobari hori kasu batean aplikatu da 2019ko eskaeretan.

  Nekazal ustialekuak modernizatzeko diru partidan 20.000 euro zituen udalak iaz eta horietatik ia 11.000 banatzea erabaki du, aipatu bost proiektu eskatzaileen artean. Hori 2019ko dirulaguntzen ebazpena da, 2020ko deialdia oraindik ez baita kaleratu.   

Iturria: Oñati Irratia