Oñatiko udala

Bizitza erdigunera ekarriko duen gizarte sistema aldarrikatuko da martxoaren 8an

2019/02/07
Card image cap
Oñatin egingo diren ekintzak prestatzeko bilerak asteartero egiten dira Eltzian

  Hiru taldetan banatu ziren herenegungo hitzordura hurbildu ziren 30-35 emakumeak. Ekintzak asmatzen batzuk, baliabideak zehaztu eta kudeatzen besteak eta guztia zabaltzeko, komunikazioa lantzen hirugarrenak. Elkarlanean oinarrituko baita aurten ere martxoaren 8ko aldarrikapena eta egitaraua. Bide horretatik, ahalik eta emakume gehien batzea da helburua eta horretarako, 24 orduko grebaren zergatiak zabaldu eta azaltzeari garrantzia berezia eman zaio, bai herri mailan, baita orokorrean ere.

  Euskal Herriko gehiengo sindikalak bat egin du emakumeen grebarekin, eta deialdia atzo erregistratu zuten Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako gobernuaren Bilbo eta Iruñeako bulegoetan. Greba berezia dela azpimarratu zuten, enplegutik harago joatea nahi dena. Hala zaintza lanek duten balioa ikusarazi behar dela eta erdigunera ekarri behar direla aldarrikatu zuten sindikatuetako ordezkariek atzo. Bizitza erdigunean jarri eta beste eredu bat aldarrikatuko duen greba feminista izango dela adierazi zuten.

  Herri mailan ere gehienetan emakumeen esku dauden zaintza lanak ikusarazi nahi dira. Zentzu horretan, ekintza bereziak egitea pentsatzen da. Elkarretaratze eta manifestazioak ez dira faltako, baina 24 orduko greba egitea eskatzen denez, ekitaldiak, goiz eta arratsaldez egitea aurreikusten da. Astearteko bileran hainbat proposamen egin ziren martxoaren 8rako eta baita aurreko egunetarako ere, herria girotzen joateko. Bihar esaterako, pankartak margotzeko hitzordua egin da Gaztetxean, 17:30tan.

  Eltziako Topagunean bildu zen emakume taldean Lagun Lekuko hainbat ordezkari izan ziren. Azken urteetan egin bezala, aktiboki ari dira martxoaren 8ko egitaraua prestatzen. Hala, hainbat ekintza Olakua-San Lorentzo inguruan egitea proposatu zuten baina plaza inguruko deialditara batzeko intentzioa ere agertu zuten. Martxoaren 8ko girotze eta aldarrikapena eskualde mailan koordinaturik egiteko asmoa ere badago, eta zentzu horretan, beste hainbat proposamen iritsi ziren Debagoienako taldeen eskutik. Baina asteartean osatzen hasi zen egitaraua zehaztu behar da eta horretarako, bilera ireki berriak egingo dira otsaileko astearteetan, Eltziako Topagunean, 18:00tan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!