Bitartekaritza zerbitzuen instituzionalizazio prozesuei buruzko mintegia hasi da gaur Lege Soziologia Institutuan

2017/04/27
Mintegiak Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailaren diru laguntza dauka

  Bitartekaritzaren instituzionalizazioa: potentzialtasunak eta arriskua du izenburu unibertsitate zaharrean gaur hasi den mintegiak. EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza fakultateko irakasle den Alberto Jose Olalde da mintegiaren koordinatzaileetako bat, bestea, Jacques Faget, Bordeleko unibertsitatekoa.

  Gatazkak konpontzeko metodologia alternatibo ezberdinak garatzen ari dira Europan, arrazionaltasun juridiko zurrunaren aurrean beste bide horizontal eta demokratikoagoak sustatuz. Baina aldi berean, bide berri horiek instituzionalizatzeko urratsak ematen ari dira. Bitartekaritza da alternatiba horien artean nagusi. Hala, erakunde publikoak bitartekaritza zentroak sortu eta finantzatzea sustatzen ari dira epaitegien alternatiba gisa. Bitartekarien formaziorako ekintzak ugaltzen ari dira eta bitartekarien erakunde profesionalak sortzen ari dira. Garapen hau ordea, ez da maila berean eman Europa osoan. Eta horren aldeko diskurtsoa zabaltzen ari den aldi berean, bitartekaritza praktikara eramateko oztopoak ere agertzen ari dira.

  Unibertsitate zaharrean gaur bildu diren 27 adituk bitartekaritzaren inguruan Europan dagoen egoera aztertuko dute herrialdez herrialdeko konparazioa eginez eta batetik bestera dauden aldeen arrazoiak argitu asmoz. Bitartekaritzaren instituzionalizazioaren ondorioz, halakoetara derrigorrez jotzea eragingo duten mekanismoak sortzeko aukera planteatu dute zenbait sektore, nahiz eta horrek, bitartekaritza mugimenduaren beraren oinarrien kontra joko lukeen. Sarritan kontraesanean jausten diren logika horien inguruko hausnarketa egingo da gaur eta bihar Lege Soziologia Institutuan.

Iturria: Oñati Irratia