Bisitari ugari hurbildu da Oñatira urriko zubi-asteburuan

2015/10/13
Arantzazuko ostatuetan plaza gehienak bete dira eta Turismo Bulegotik 315 lagun pasatu dira

  Turismo Bulegoan eta Arrikrutzen zubi-asteburuan ohikoa baino bisitari gehiago izatea espero zuten. Horren haritik, larunbat, igande eta astelehen eguerdietarako bisita gidatu bereziak programatuta zituzten Unibertsitatea eta Txokolateixia ezagutzera emateko. Atzo astelehena izanagatik jai eguna zenez, Arrikruzko koba irekita egon zen eta hainbat bisita egin ziren. Baina aurre ikuspenak gainditu dira. Datuek garbi adierazten dute urriko zubi- asteburuan bisitari ugarik, bereziki estatutik etorritakoek Oñati ezagutu nahi izan dutela.

  Hiru egunetan, 315 bisitari izan dituzte Turismo Bulegoan eta erdiek baino gehiagok, 176k, bisita gidatuak egin dituzte, batzuk, aurrez programatuta zeudenetan parte hartuz, beste batzuek, taldeko bisita bereziak kontratatuz.
Gehienak hurbileko bisitariak zirela pentsa badaiteke ere, estatutik etorritakoak eta bereziki Madrildik etorritakoak izan dira ugarienak. 112 euskal herritarrak izan dira eta 162 estatutik etorritakoak. Atzerritarrak ere hurbildu dira asteburuan Oñatira, 41 hain zuzen ere, eta horien artean, gehienak, belgikarrak. Hauek, talde bisita egin zuten domeka arratsaldean.

  Arrikrutzen ere, bereziki larunbat eta domekako bisitak bete ziren baina atzo ere, astelehena izanagatik koba irekita zegoenez, hainbat lagunek 53. galeria ezagutzeko aukera probestu zuen. Gogoratu, bihar ere bisitari bereziak hartuko dituela Arrikrutzek. Zuri-gorrien peñak 10. urteurrena betetzen duela eta Athleticeko hainbat jokalari, jokalari-ohi eta zuzendaritzako kide Arrikrutzeko lehoia ikustera gonbidatu baitituzte. Arratsaldeko 18.30tan hasiko den ekitaldian parte hartzeko aurrez erreserba egin behar da, 943.082000 Arrikurtzeko telefonora deituz.

  Urriko zubi-asteburuan Oñatira hurbildu diren bisitarietako zenbaitek ostatua herrian hartu dute. Bereziki zapatu eta domekan, Arantzazuko plaza gehienak beteta egon direla adierazi digute turismo arduradunek.

Iturria: Oñati Irratia

Turista ugari Oñatin (Iturria: Goiena)