Oñatiko udala

Bisita eta irteeretarako kronograma prestatzen ari dira San Martin egoitzan

2021/03/02
Card image cap
Pandemiari aurre egiteko protokolo berrituak eraikinaren sektorizazioa mantentzen du baina bisitak eta irteerak malgutzen ditu

  Pozik daude San Martin egoitzan, bai egoiliarrak baita langileak ere, Covid-19ari aurre egiteko protokoloa lasaitu eta kanpora irten nahiz kanpoko bisitari gehiago jaso ahal izango dituztelako aurrerantzean. Bertakoen osasun fisikoa zaintzearren hilabeteetan mantendu den bisita erregimena arindu, malgutu egingo da, hainbat senide eta lagunekin etendako harremanak berriro hartuz. Horrek, egoiliarren osasun emozionalean zuzenean eragingo du, dudarik gabe.

  Hiru Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adinekoen egoitzetarako jarduera protokolo berria landu dute. Horren arabera, egoiliar bakoitzak astean lau irteera egin eta bi bisita jasoko ahal izango ditu. Irteerak, oraingoz, San Martin egoitza inguruan egin beharko dituzte egoiliarrek, Oñatiko intzidentzia metatua 500 kasutik behera jaitsi bitartean. Gero jada, egoitzako eremutik kanpora irteten hasi ahal izango dira. Gainera, bisitari gehiago jaso ahal izango dituzte. Orain arte bezala astean bi bisita izango dituzte, baina aldiko bi pertsona joan ahal izango dira eta bisitariak aldatuz joan ahal izango dira. Horrek, egoiliar bakoitzaren harreman sarea handitzea ekarriko du, orain arte beti pertsona beraren bisitak jasotzen zituztelako. Egoiliarrek ez ezik, senideek eta lagunek eskertuko duten aldaketa garrantzitsua izango da.

  Egoitzen bisita eta irteeren protokolo berrituak jasotzen dituen aldaketak berehalakoan sartuko dira indarrean, baina nola egin, zein forma eman, zehazten ari dira San Martin egoitzan. Izan ere, egoitzaren sektorizazioa, hau da, egoiliarren arteko harremana mugatzen duen solairuka berezitutako plangintzak bere horretan jarraitzen baitu. Horrek esanahi du solairu ezberdinetan dauden egoiliarrak ez direla nahasten, balizko kutsatzeak zabaldu ez daitezen. Ez dira nahasten egoitzan daudenean eta ez dira nahastu behar ezta ere kanpora irteten direnean. Horrek, bisita eta irteera orduen banaketa edo kronograma egitea eskatzen du eta horretan dihardute egoitzako arduradunak. Plangintza hori zehaztu bezain pronto egoiliarrei eta senideei jakinaraziko diete, bisitak noiz egin zehaztu eta prestatzeko. Protokolo berri honek apirilaren 5a arteko iraupena izango du, oraingoz. Epidemiologia zerbitzutik egoitzetan txertatu direnen jarraipena egiten ari dira eta, hein handi batean, horren arabera erabakiko dira etorkizuneko neurri berriak.

  San Martin egoitza inguruko eremuan oraingoz, eta herrira gerora egingo diren irteera horietan, nahiz bisitetan, babes neurriak orain arte bezala mantenduko dira, maskara etengabe jantzita, distantziak gordeta, kanpora doazenean leku itxietan ez sartzea eta solairu ezberdinetan dauden egoiliarren artean ez nahasteko konpromisoa.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!