Oñatiko udala

Bihar hasiko dira lau pioi kontratatzeko elkarrizketak egiten.

2013/10/28
Falta zituzten agiriak aurkeztuta, udalak kaleratu duen lan eskaintzara epe barruan presentatu ziren 92 lagunak onartu dira.

  Ostegun arratsaldean argitaratu zen hautaketa prozesura onartu direnen  behin betiko zerrenda. Aurrez, agiriren bat falta zutelako kanpoan utzi ziren 8 hautagaiak onartu dira eta 92 dira ondorioz, elkarrizketa pertsonala egiteko deia jasoko dutenak.

  Izan ere, bihar eta azaroaren 4,5 eta 6an egingo diren banakako elkarrizketetarako gonbidapena, bakoitzari jakinaraziko zaio. Hautagai bakoitzarekin 10 bat minutuko elkarrizketa laburra egingo da. Horrela, zuzenean, agiri bidez hautagaiek azaldu duten lanpostuen eskakizun profesional eta pertsonalak betetzen direla egiaztatuko da, euskarari dagokionean duen ezagutza maila eta egin beharreko lanekiko egokitasuna ere neurtuko da besteak beste.

  Elkarrizketan lortutako puntuak bakoitzak agiri bidez egiaztatu duen egoera sozioekonomikoa tarteko eskuratu duenari batuko zaizkie eta puntuaziorik altuena lortzen duten lau hautagaiak izango dira pioitarako kontratatuko direnak.

  Aurrez jada aipatu izan dizuegunez, hautagaien egoera sozio-ekonomikoa baloratzerakoan, besteak beste, Oñatin erroldatuta daraman denbora, langabezian daraman denbora eta prestaziorik kobratzen ez badu, egoera horretan daraman denbora bereziki puntuatuko dira; dituen familia kargak, emakumea ote den, euskaraz egiteko nahikoa gaitasun duen eta lanerako duen gaitasuna nahiz eskarmentua ere puntuatuko dira.

  Udal brigadan mantenimendu lanak egiten arituko diren lau pioi hauek gutxienez 5 hilabetetarako kontratatuko dira eta tarte horretan, jardun osoan arituko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!