Bihar goizean, ur mozketa izango da Larraña auzoan eta Olabarrietako 3 etxetan.

2012/07/09
Auzoak urez hornitzen dituzten deposituetan kontadoreak jartzen jarraitzen du Gipuzkoako urak enpresa.

  Larraña auzoko depositoa Larrain Gain elkartetik goratxoago dago. Bertatik irteten den ur kantitatea kontrolatu ahal izateko, herriko beste hainbat auzo depositotan egin den bezala kontadorea jarriko da bihar. Asmoa hori da behintzat, lana bihar hasi eta bukatzea. Okerrik ezean hala egingo dute eta ondorioz, bertatik hornitzen diren etxeetan ur eten bakarra izango dute, bihar, goizeko 8:30etik 11:30era.

  Pasa den astean Berezaoko depositoan egin ziren lanak ordea korapilatu egin ziren eta hasieran, egun bakarrean eta hiru ordutarako aurre ikusi zirenak beste egun batean eta beste bi orduz luzatu ziren. Baina printzipioz, Larrañako deposituan egin asmo direnak, esan bezala, 3 ordutan egiteko programatu dira.

   Larrañan bihar egingo dituzten lanen antzekoak egin dira jada beste hainbat auzotan: Arantzazu, Uribarri eta Berezaoko deposituetan. Plangintza hau osatzeko Garagaltzakoan ere kontadorea jartzea bakarrik falta da. Lan hauek, seguruenetik datorren astean egingo dira baina eguna oraindik ez da finkatu.