Bidebarrieta kaleko 8an sutea piztu zen atzo arratsaldean.

2015/02/13
Arropa lehorgailu batek su hartu zuen. Ondorioz, bizilagunak etxetik atera arazi zituzten baina ordu betera, berriro sartzeko baimena jaso zuten.

  Sutea, Bidebarrieta kaleko 8. zenbakidun eraikinean, 3.ezkerra den etxebizitzan sortu zen. Dirudienez, arropa lehorgailu batek sua hartu zuen eta honek sortutako kea, bebarru osora zabaldu zen. Bizilagunak eurak izan ziren abisua eman zutenak. Arratsaldeko 5 t’erdiak ziren eta Udaltzainak eta suhiltzaileen hiru kamioi berehala bertaratu ziren. Sua, segituan kontrolatu zen eta pilatutako keak eraginda, eraikineko bizilagun guztiak kalera atera bazituzten ere, ordubeterako jada, etxera itzultzeko baimena jaso zuten.

  Sutearen ondorioz, aipatu arropa lehorgailua eta hau zegoen trastelekuko beste objektu batzuk erreta geratu baziren ere, sua ez zen etxebizitzako beste geletara zabaldu eta kalteak ere ez ziren handiak izan. Kea bai, erre usaina ere bai, baina zorionez kalte pertsonalik ez zen izan Bidebarrieta kaleko 8an atzo arratsaldean piztu zen suak.

  Gogoratu, asteartean ere sutea izan zela herrian. Orduan, Aloña Mendi tabernako sukaldean sortu zen.  Ke erauzgailu edo extraktorea erre zen baina han ere, zorionez ez zen bestelako kalterik sortu. Hurrengo egunean taberna normaltasunez ireki zuten baina sukaldea oraindik itxita dute.

Iturria: Oñati irratia

Bidebarrieta kalea (Oñatiko Udala)