Oñatiko udala

Bertsolari eta bertsokera aukera zabala izango da Oñatin datozen jai egunetan

2017/09/20
Card image cap
Hiru saio eta 11 bertsolari programatu dira

  Kilometroak eta San Migel jaiak tarteko formatu ezberdineko hiru bertso saio izango ditugu herrian. Batean edo bestean parte hartuko duten bertsolariak ere aldatuz joango dira beraz, bertsokera oso pertsonalen lekuko izateko aukera izango da.

  Domekan ospatuko den Kilometroak jaian bertsolariak Foruen enparantzan arituko dira 13:30tatik aurrera. Andoni Egaña, Maider Arregi, Aitor Mendiluze eta Uxue Alberdi gonbidatu dituzte.

  Errosarixo domekan ohikoa den Balkoitik balkoira saioa entzun ahal izango da Kale Zaharrean. Aurten, Amaia Agirre eta Unai Mendizabalen arteko bertso-elkarrizketa izango da.

  Eta San Migeletako jai egunak pasata baina jai egitarauaren baitan urteroko bertso jaialdia egingo da urriaren 7an. Jaietako bertso saioa ostiral gauez egin ohi da baina aurten, larunbatez egingo da, urriaren 7an, esan bezala. Saio honetan  sei bertsolarik kantatuko dute: Amets Arzallus, Maider Arregi, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, andoni Goitia eta Igor Elortza izango dira. Aipagarria da Maider Arregi oñatiarra entzuteko bi aukera izango ditugula datozen egunotan, Kilometroak jaian eta urriaren 7ko bertso jaialdian. Bertso eskolak antolatzen duen bertso jaialdirako sarrerak datorren astean jarriko dira salgai Txokolateixian, 10 €tan nagusientzat eta 8 €tan gazteentzat.

  Ez da lehen aldia jaietako bertso saioa jai egun nagusiak pasata egiten dela. Iaz ere hala egin zen eta urriaren 7an bertan. Baina orduan ohikoa izaten den ostiralez egin zen. Aurten, urriaren 7a larunbata izango da. Zaleak zapatuz ere halako ikuskizun batera hurbiltzen ote diren frogatu nahi du Bertso eskolak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!