Bertan behera geratu da Gipuzkoako autobusetan deitutako greba

2018/07/12
Herribusaren zerbitzuak normaltasunez beteko dira

  Abitrans patronalarekin akordioa lortu dute eta ondorioz, bihar, etzi eta hurrengo ostiral eta larunbaterako iragarrita zegoen greba bertan behera utzi dute sindikatuek. Ekainean sinatutako aurre akordioa errespetatzeko hitza jaso dute eta dietak langile guztiei aplikatuko zaizkie. Gipuzkoako errepide bidezko garraio sektorean hitzarmen berria dagoela jakinarazi dute sindikatuek.

  Azken orduko akordioaren aurretik, Herribusak beteko lituzkeen gutxieneko zerbitzuak zehaztu zituen udalak Leintz Garraioak enpresarekin. Eta horren berri ere zabaldu da goizean hainbat mediotan, baita Oñati Irratian ere. Dena den, greba deialdia bertan behera uzteak bertan behera uzten ditu baita ere iragarritako gutxieneko zerbitzuak. Herribusaren zerbitzuak normaltasunez beteko dira datozen egunotan.

Iturria: Oñati Irratia