Batzokian asteburuan egindako pintadak gaitzetsi ditu EAJk, beste behin

2018/05/30
Ekintza horiek herritarren bizikidetza baketsua eraso eta oztopatzen dutela adierazi dute jeltzaleek, udalari babesa eskatzeaz bat

  Batzokian pintadak egiteaz gain Lourdes Idoiaga zinegotziaren aurkako pegatinak zabaldu ziren asteburuan herrian, hori bereziki larria dela dio EAJk kaleratu duen gaitzespen idatzian. Garai berrietan bizi garela esaten den arren, bereziki Oñatin behin eta berriz errepikatzen diren horrelako ekintzek bistako egiten dute egileek duten etika zein giza eskubideen aldeko errespetu falta  adierazten du hitzez-hitz jeltzaleen idatziak.

  Oñatiko EAJ kezkatuta azaltzen da gertatutakoak  herritarren bizikidetza oztopatzen duelako. Horregatik, elkarbizitza baketsu eta eraikitzaile baten aldeko apustuan, errespetua exijitzen dute jeltzaleek. Era berean, asteburuko ekintzak kondenatu eta erasoa jasan duen zinegotziari eta EAJren udal taldeari babesa azaltzea eskatzen dio Udalari. Ildo berean, EAJk aniztasuna eta errespetua oinarri dituen herri hezitzailean sinesten duela berresten du prentsara zabaldutako oharrean.

  Asteburuan Batzokian egin ziren pintadak ezabatuta daude jada.