Baserrietara ailegatzeko seinaleak jarriko ditu udalak.

2014/10/15
Hasieran, Arantzazu, Araotz, Urrexola eta Zañartuko baserrietarako seinaleak jarriko dira.

  Otsaila amaieran egin zen Auzo-alkateen Foroan erabaki zen herriko baserrietara ailegatzeko seinaleak jartzeko proiektua. Aspaldi jarri ziren auzoak identifikatzeko seinale orokor edo nagusiak osatuz, baserri multzoetara eta baserri bakarretara iristeko informazio seinaleak jarriko dira. Hala bidegurutzetan, aurrera eginez gero topatuko ditugun baserrien izenak jarriko dira.

  Oñatin baserri asko daudela kontutan hartuta, lana, faseka egitea erabaki da. Hasieran, seinaleak, Araotz, Urrexola, Zañartu eta Arantzazu auzoetan jarriko dira. Lau auzo horietan dauden baserriak kontutan hartuta, 60en bat seinale jartzea aurre ikusten da. Hainbat enpresei aurrekontuak eskatuta, seinaleak egiteko lana Rotulo Studio enpresari esleitu zaio, ia 16.000 euroren truke.

  Egurrezko zutoina eta txapazko kartelak eskatu dira. Baserri izenak zehaztuko dituzten seinaleak, azarorako jasotzea espero da eta ondoren jada, bidegurutze eta baserri bideetan jarriko dira.

  Orain urte batzuk jada, herriko baserriak identifikatzeko egitasmoa gauzatu zuen udalak, baserri jabeekin elkar lanean. Herriko baserrien izendegia osatu zen. Horretarako, dokumentu historikoak kontsultatu ziren garai ezberdinetan izen horiek izan zituzten aldaerak ikusi eta jatorrizkoa zehazteko. Ondoren, baserri jabeei, plaka eredu bateratua jarraituz, baserri izena jartzeko aukera eman zitzaien. Orain, urrats bat haratago joanda, baserri bakoitzerako nola iritsi adieraziko duten bide seinaleak jarriko dira.

Iturria: Oñati irratia

Irudia: seinale baten eredua