Barrakak direla eta, plazako aparkalekua bihar goizetik ekainaren 11ra arte itxita izango da.

2012/05/29

   Korpusetarako barrakak iristear daude. Ferialariek, bihar, goizeko 7etatik aurrera dute aparkalekura sartzeko baimena. Ordurako beraz, aparkalekua hutsik egon behar du eta hori adierazten duten kartelak jarri dira jada, Pago Uso parean, aparkalekuaren sarrerakoan bertan eta anbulatorio inguruko errotonda parean.

  Barrakak plaza aldamenean dauden bitartean, alternatiba moduan, eta plazatik larregi urrundu gabe, kiroldegiko lurrazpiko parkina eta anbulatorio ondokoa daudela gogorarazten digute udaltzaingotik.

  Korpus jaietarako etorriko diren barrakak ez dira lehen egunean iritsiko baina datorren asterako jada, kaseta eta aparatu mekaniko guztiak bertan izatea espero da. Konkretuki, txurreria eta lau kasetaz gain, ohe elastikoak, matxinsaltoa txiki park-a eta beste hiru zaldiko maldiko izango dira plazako aparkalekuan. Barraka jabeen bizilekuak berriz, ULMA HANDLING ondoko zelaian kokatuko dira.

  Gogoratu, barrakak bihar etorri eta astebururako jada martxan jarri arren, bidaia txartelaren prezioa, ekainaren 7an merkatuko dela, hau da, justu Korpus eguna izango den ostegunean. Egun horretan, txartela euro batean salduko da. Gainontzekoetan, euro eta 60 xentimotan.