Oñatiko udala

Azken bi urteetan Txosna batzordearekin izandako tira-bira eta ezadostasunak dira orain arteko taldeak danborrada antolatzeari utzi izanaren arrazoiak.

2014/09/04
Taldeak, azalpenak emanez idatzia zabaldu du komunikabideetara.

  Hasteko, danborradako antolatzaileek onartzen dute ekintzarako bi hilabete besterik falta ez direla erabaki dutela danborrada ez antolatzea. Baina abuztuan Txosna batzordeko taldeak etxeetara banatu zuen idatziari erantzunez, erabaki hori hartzeko izan dituzten arrazoiak publikoki azaldu nahi dituzte. Erabakia ez da ekainean txosna batzordekoekin  izandako bileragatik hartu baizik eta, 2012tik bi batzordeek izan dituzten tira bira eta adostasun ezagatik, idatzian diotenez.

  Jarraian, azken bi urteetako bilera eta egoeren errepaso txiki bat egiten du orain arteko talde antolatzaileak bere idatzian, azpimarratuz, danborrada betidanik herritik sortutako ekimen ireki, zabal eta plurala izan dela. Horren isla, herriko talde eta kolektibo ezberdinak danborradan parte hartzera gonbidatu izan dituztela eta orain bi urte, txosna batzordearen deia jaso zutenean ere beraiekin biltzeko arazorik ez zutela jarri.

  Lehenengo bilera hartan, herriko zenbait gazte danborradarekin identifikatzen ez zirenaren iritzia jaso zuten eta herrian bi danborrada eredu daudela garbi geratu omen zen, danborradako antolatzaileen idatziaren arabera.

  Liskarretan ez hastearren eta herriagatik, bi eredu horiek bateratzen saiatu danborrada bakarra kaleratzeko ahalegina egin dutela aitortzen dute.Hala ere, garbi ikusten ei dute proposatutako bi ereduak oso ezberdinak direla eta ondorioz, bi danborradak bateraezinak direla. Ekainean,  txosna batzordearekin bildu zirenean, zenbaitek bi danborrada ospatzeko  planteamendua egin zuten, onartu ez zen planteamendua. Bileran, hasiera bateko adostasun batera iritsi ei ziren bi aldeak baina danborradako batzordekoek gaia taldera eraman zutenean, hauen ezezkoa jaso zutela dio idatziak. Azken bi urtetako esperientziak eta bileretan esandako guztiak mahai gainean jarrita, eta azken bi urteetako danborradak ikusita, balorazio bat egin eta etengabeko sokatiran jarraitzeak ez zuela pena merezi ondorioztatu zuten.

  Taldearen ustez, martxan den trenera igotzen denak, bertan dagoenera moldatu behar du. Garbi utzi nahi dute, horrekin ez dutela esan nahi aldaketa edo berrikuntzarik ezin denik egin baina aldaketak pausoka eta zentzuz eman behar direla uste dute. Horregatik, guztiagatik, esan bezala, taldeak danborradaren antolakuntza uztea erabaki duela dio. Pena handiarekin baina danborrada uztea erabaki dutela dio prentsara zabaldu duten idatziak.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!