Auzotako jaixen tramitazio bidea aldatu egin da.

2013/04/24
Kaleetako jaixak, kultura departamentutik kudeatzen jarraituko da eta auzoetako jaixak berriz, auzoak eta landa garapena batzordetik.

  Halaxe egiaztatu ahal izan dugu pasa den asteko tokiko gobernu batzarreko akta begiratuta. Izan ere, Olabarrieta, San Migel Txiki, Kasablanka eta Errekaldeko jai batzordeetako baimen eskaerak aztertu eta bideratu baitziren.

  Olabarrietako jaiak, esan bezala, auzoak eta landa garapena batzordearen eskutik bideratu dira lehen aldiz. Iazko abenduaren 20ko Osoko bilkuran, AUZOTASUN PROGRAMAREN oinarriak onartu ziren. Bertan jaso zenez, Oñatiko 16 landa auzoen artean banatuko zen diru partida bat aurre ikusi zen. Diru horrekin, besteak beste, auzoetako jaien gastuak finantzatzea onartu zen. Hala, Olabarrietako auzo alkateak jaiak ospatzeko baimena eta diru laguntza eskatu duenean, partida horretatik 2.000 euroko diru aurrerakina egitea erabaki du udal gobernu taldeak. Jaixak amaituta, izandako gastu eta sarreren berri eman beharko da udaletxean eta dagokion likidazioa egin beharko da.

  Baina aldi berean, pasa den asteko tokiko gobernu batzarrean San Migel Txiki, Kasablanka eta Errekaldeko jai batzordeetako baimen eskaerak ere aztertu ziren. Kasu honetan kultura batzordearen eskutik. Hauei ere, jaixak egiteko baimena eman ez ezik, eskatutako hainbat material utzi eta ekintzak gauzatzeko diru laguntza emango die udalak. Ordutegiekin zer-ikusia duten hainbat erabaki ere hartu ziren: hara nola, kaleko tabernek jaixetan izango duten ordutegi luzatu berezia edota kontzertuak amaitzeko ordutegia. Tabernei dagokeienean, ostiral eta zapatu gauetan edo hobe esanda goizaldean, tabernen ixte ordutegia goizeko 6ak arte luzatzeko baimena eman die udalak. Kontzertuak berriz, gaueko ordu bietarako amaituta egon beharko dira. Hala ere eta 2008an hartutako erabaki baten haritik, ostiraletan programatzen diren kontzertuen amaiera 3ak arte luzatu daitekeela dio gobernu taldeak. 

  Aurrerantzean, beraz, auzo jaixak eta herriguneko kale eta auzune jaixak bide ezberdinetatik bideratuk dira.

Iturria: Oñati irratia