Oñatiko udala

Auzo-taxi zerbitzua emateko kontratu berezia zabaldu du udalak herriko taxilariei zuzenduta

2021/04/20
Card image cap
Gutxienez 3 taxilari atxiki beharko dira kontratua martxan jartzeko

  Landa auzoetan erroldatuta dauden lagunei eskainitako zerbitzua da auzo-taxia, beti ere, baserritik autobus geltokira dagoen distantzia 350 metro baino gehiago bada. 2016ko ekainean abian jarri zen zerbitzua, proba moduan, eta herriko taxilariekin urtez-urtez berrituz joan da kontratua. Orain, epe luzeagorako kontratu berezia egin nahi da, 2023ko abenduaren 31ra artekoa.

  Bidaia tarifak iaz eguneratu ziren eta bere horretan jaso dira kontratu berrirako oinarrietan. Hala, auzo-taxiaren erabiltzaileak, bidaiako, 3 euro ordaintzen dizkio taxilariari eta udalak 10 edo 15 euro, egindako zerbitzuaren osagarri: 15 euro Arantzazu, Araotz edota Urrexolara joandakoan eta 10 euro gainontzeko landa auzoetara joateagatik. Horretarako taxilariak hilero, edo epea luzatuz gehienera hiru hilean behin, egindako zerbitzuen berri emango dio udalari, erabiltzaileek sinatutako egiaztagiriak aurkeztuta.

  Auzo-taxi zerbitzua astelehenetik ostiralera, 7:30etik 20:00etara eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara eskaintzen da, urtean hamaika hilabetez, abuztuan ez baita zerbitzurik ematen. Auzoetatik hirigunera eta alderantziz bidaiatzeko soilik erabili daiteke auzo-taxia eta zerbitzua bermatzeko erabiltzaileak gutxienez 24 ordu aurretik eskatu behar du. Auzo-taxi zerbitzuaren erabileraren araberako aurreikuspena osatu du udalak eta urtean 12.000 euroko diru partida berezitu du. Zerbitzua emateko kontratu berezi hau 2023ko abenduaren 31ra arte luzatuko dela kontutan hartuta, 36.000 euro gorde dira.

  Herriko taxilariei zuzendutako kontratu berezi honen baldintza plegoa udaleko web atarian ikusgai dago. Administrazio klausuletan zehazten denez, gutxienez hiru taxilarik aurkeztu eta onartu beharko dituzte jarritako baldintzak kontratuak aurrera egin dezan. Interesa duten taxilariek maiatzaren 6ra arteko epea dute dagokien eskaera udal bulegoetan aurkezteko.

  170 auzotarrek dute auzo-taxi zerbitzua erabiltzeko txartela. Baserrian erroldatutako edonork eskatu dezake, hurbilen dagoen autobus geltokitik gutxienez 350 metrora bizi bada. Txartelak udaletxean eskatu behar dira. 5 eta 18 urte bitarteko haurrek guraso edo tutoreen baimena behar dute txartela eskuratzeko eta taxian bakarrik badoaz guraso edo tutoreen erantzukizunpean bidaiatuko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!