Oñatiko udala

Autokontsumorako ortuetan prestaketa eta landaketa edo ereite lanak egin daitezke

2020/04/17
Card image cap
San Martingo ortuetan lanak segurtasunez egiteko funtzionamendu arau batzuk zehaztu ditu OKITAÑO elkarteak

  Profesionalki lehen sektorean dihardutenek baimena zuten baratze edota negutegiko lanak egiteko, ez ordea, aisialdi orturen bat zutenek. Hauek, ortura joan zitezkeen elikagaiak jasotzera baina ez produktu berriak landatu edo horretarako prestatze lanak egitera. Neurriak elkarte eta banakakoen haserrea eragin zuen eta neurria aldatu zedin sinadura bilketa ezberdinak martxan jarri ziren, uda eta udazkenean produktuak jasotzeko ortuak prestatu eta landaketak egiteko garaian bait gaude.

  Asteazkenean zabaldu zen osasun alarma egoerari buruzko irizpideen berrikuspen dokumentua, bosgarrena jada, eta oraingoan bai, familiako baratzeetan lan egin daitekeela aipatzen da. Hala ere, bigarren bizilekuan dauden baratzeak baimen horretatik kanpo geratzen direla zehazten da.

  San Martingo ortuetako erabiltzaileak baimena noiz iritsiko zain zeuden eta bertako lanak segurtasunez egin ahal izateko barne funtzionamendu araudi bat osatu dute. Ortu bakoitzean pertsona bakarra egon ahal izango da eta parkean, aldi berean, 7 lagun gehienera. Lanabesak gorde eta aldagela moduan erabiltzen diren txaboletara banaka sartu beharko da eta lanabesen bat erabili aurretik eta ondoren, xaboi-urez ondo garbitu beharko da. Denbora ere mugatu du OKITAÑO elkarteak eta ortuan, gehienez, bi orduz egon ahal izango da eta egin, gutxieneko lanak soilik egitea gomendatzen da.

  Orturako landareak eskuratzeko aukera izango da biharko azokan, hainbat asteko hutsunearen ondoren Bergarako landare saltzailea itzuli egingo baita. Hala jakinarazi die udal arduradunei. Landarak ez ezik, berdurak ere salduko ditu Boluko ekoizleak. Bihar beraz, 15 saltzaile izango dira Zubikoako kantxa urdinean, ia ohikoak bihurtu diren asteroko 14ak eta Bergarakoa. Kantxa urdinean postu bat gehiago jartzeko nahikoa leku badago segurtasun neurri guztiak mantenduta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!