Auto istripuz hil zen irakaslea oroitu eta omendu dute Zuazola-Larraña institutuan

2020/10/02
Sindikatuek deituta elkarretaratzea egin da eguerdian

  Zuazola-Larraña institutuko hezkuntza komunitateak omenaldi xume baina hunkigarria egin du gaur eguerdian Ana Atxotegi irakaslea gogoan. Goiz osoan zehar Sinadura liburua ikastetxe atarian izan da irakasle zutenaren oroimenezko mezuak idazteko eta 13:00tan omenaldi ekitalditxoa egin dute. Aurreskua, abestiak eta idatzi baten irakurketak osatu dute ekitaldia.

  Institutuan lau urtez zientzia irakaslea izan zena omentzera, ikasle, irakasle eta gainontzeko lankideekin batera, hainbat ikasle ohi eta guraso batu dira. Irakaslea orain astebete, pasa den ostiral goizean hil zen auto istripuz, eskolara lanera zetorrela.

  Lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin da Zuazola-Larraña institutu aurrealdean, 12:00tan. ELA, LAB eta STEILASek deitutako elkarretaratzea Lan istripu gehiagorik ez! lemapean egin da.

Iturria: Oñati Irratia

Omenaldia institutu aurrealdean (Arg:Lukene Igartua)