Astelehenean hasiko da herritarren parte hartzea sustatzeko teknikaria hautatzeko azterketaldia

2015/04/16
Lanpostura aurkeztu ziren 20 lagunek, azterketa teorikoa Udal Euskaltegian goizeko 9etan izango dute

  Lehen proba honetan, lanpostuaren deialdiarekin batera argitaratu zen gaitegian jasotako edukiak ezagutzen direla egiaztatunahi da. Zerrendatu ziren 17 gaien artean, herritarren parte hartzea, horren inguruko plangintza eta proiektuak edota parte hartzeko esperientzia eta mekanismo ezberdinen inguruko gaiak jaso ziren. Azterketa teorikoa, astelehen goizean, 9etan hasiko da Udal Euskaltegian.

  Udalak, aldi baterako eta lan jardun erdiz kontratatuko duen herritarren partaidetza sustatzeko teknikari lanpostura hogei lagun aurkeztu ziren.  Lanpostua betetzeko, lehiaketa oposizio sistema erabiliko da. Astelehenean hasiko den azterketaldian, lehen proba teoriko horrezaz gain, beste ariketa praktiko bat eta eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek gainditu beharko duten euskarazko froga egingo dira.

  Lehiaketa prozesuan berriz, antzerako lanetan eskarmentua izatea eta formazio osagarria bereziki baloratuko dira. Lanpostura aurkeztu ahal izateko unibertsitateko diplomatura edo erdi mailako gradua izatea eskatu zuen udalak eta euskarari dagokionean, laugarren hizkuntza eskakizunaren pareko maila.

  Kontratatuko den teknikariaren egitekoak izango dira: herritarren artean partaidetzaren kultura eta izaera komunitarioa zabaltzea, harremanetarako eta parte hartzeko gune eta aukerak eskainiz. Udalak abian jartzen dituen parte hartzeko prozesuak kudeatu eta dinamizazio funtzioak betetzea, hauek martxan jarri aurretik diseinatzea eta ezartzea eta gerora ebaluazio lana egitea. Aldi berean, halako prozesuak martxan jartzeko beharrezko harremanak izan beharko ditu erakunde eta eragileekin eta udal departamentuei ere aholkularitza eskaini beharko die beraien politiketan herritarren partaidetza kontutan hartu dezaten. Sentsibilizazio ekimenak, ikastaroak, jardunaldiak eta hitzaldiak ere antolatu eta planifikatu beharko ditu teknikari berriak.

 

Iturria: Oñati Irratia