Artasoko basoan zehar ibilbide tematikoa egokituko da

2019/01/22
Gipuzkoako Mendi Federazioak ibilbidea markatu eta homologatzeko proposamena egin dio Udalari

  Artasoko basoa bioaniztasun handiko ingurua da. Bertako arbolak egur-ikatza egiteko aprobetxatu izan dira tradizionalki eta ondorioz, antzinatasun handiko pago, haritz eta gaztaina motzak daude.  Orain urte batzuk garatu zen LIFE proiektuari esker, pago motz berriak ere ikusi daitezke bertan. Aberastasun hori azaltzeko helburuz ibilbide tematiko bat egokitzea erabaki du Udalak. Baina Artasoko basoa Aizkorri-Aratz parke naturalaren baitan dago, eta Udalak Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmena izenpetu nahi du, ibilbidearen mantentze lanak elkarrekin egiteko.

  Artasoko basoan egokitu asmo den ibilbide tematikoak 5 kilometro inguruko luzera izango du eta 250 metroko desnibela. Arantzazun hasi eta bukatuko den ibilbide zirkularra markatzea aurreikusten da, Zozopase ingurua, Artasoko pago motzak eta haritz eta gaztaina motzak dauden guneak eta bazka larreak bilduz. Lehen fasean ibilbidea bera markatu eta abiapuntuan argibideak emango dituen panel orokor bat jartzea pentsatzen da. Panel horretan ibilbidean zehar ikusiko diren puntu esanguratsuak identifikatuko dira. Gerora berriz, ibilbidean zehar beste gune tematiko batzuk prestatu eta panel informatiboak jartzea da asmoa, garai bateko basoko ikazkintza edota LIFE proiektua bera zertan diren azaltzeko, besteak beste. Baina hori, Artasoko basoan zehar osatuko den ibilbidearen ondorengo garapen gisa planteatzen da.

  Ibilbidea markatu eta homologatzeko proposamena egin zion Udalari Gipuzkoako Mendi Federazioak, eta eskaintza onartzea erabaki da.

Iturria: Oñati Irratia