ARGI Festibala gaur jarriko da abian

2017/04/28
Argazkigintza garaikidea herritarren esku jartzea du helburu egitasmoak

  Ilunpetan Argazki Taldeak bi urtetik behin antolatzen duen argazki festibala hasiko da gaur. Argazkigintza garaikidea zabaltzea du helburu eta hirugarren edizio honetarako ere egitarau bete-betea prestatu dute: erakusketak, jarduerak, tailerrak, filma emanaldiak eta abar.

  Hasteko, Patricia Bofill kataluniarraren Más allá de la forma erakusketa irekiko da arratsaldean Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Bihartik aurrera berriz, TXANDA elkarteko denden erakusleihotan Argizaola lehiaketako argazki sarituak jarriko dira eta 22:30tan BookJockey saioa egingo da plazako kioskoan. Igandean, Eli Garmendia eta Ekaitz Zilarmendiren erakusketak irekiko dira kultur etxean eta astelehenean Bernat Alberdi, Ilunpetan taldeko kideak prestatu duen Oñatiarrak bilduma Antixeneko parkean eta gaztetxean jarriko da ikusgai. Herrian bizi diren atzerritarren 15 bat erretratuk osatzen dute bilduma hau. Asteartetik aurrera bestalde, Ispiluak lan sorta ikusi ahal izango da Sancti Spiritus unibertsitatean. Udal artxibategiarekin elkar lanean antzinako irudiak eta horiek oinarri harturik azkenaldian ateratako argazkiak aurrez aurre jarriko dira, herriak izan duen bilakaera ikusaraziz. Erakusketa hau abiapuntu hartuta gainera, bisita gidatua antolatu da maiatzaren 6rako Jerardo Elortzarekin.

  ARGI Festibaleko egitaraua osatuz, datorren ostegunean Finding Vivian Maier dokumentala ikusi ahal izango da zine klub emanaldian, Photobook klub saioa egingo da maiatzaren 13an Arantzazun eta hurrengo egunean, 14an, Hysteron 3.0 saioa Gaztetxean. Lightpainting tailerra ere antolatu da maiatzaren 12rako. Gehienez 15 lagunek osatu ahal izango dute eta interesa dutenek izena eman behar dute mezua, honako helbide elektronikora bidaliz:  ilunpetan@gmail.com

  ARGI Argazki festibala maiatzaren 28ra arte luzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia