Argentinarako 35. kontainerreko materiala gaur eraman da ULMAra

2016/05/23
Card image cap
Bilboko porturantz bihar irtengo den materialak, Oñati eta Jose C.Paz artean egin diren 15 urteko bidalketa ibilbidea ixten du

  HERMANSOLOÑA taldeko ordezkariek iaz iragarri zuten Argentinara materiala bidaltzeari utzi egingo ziotela. Argentinako gobernu ordezkariek geroz eta oztopo burokratiko gehiago jartzen ari dira eta horrek materiala bidaltzea zaildu ez ezik, asko garestitu du, sarritan, kontainerra, aduanan hilabeteetan geldik, atera ezinda geratu baita. Traba horiek, lan egiteko posturan aldaketak ekarri dizkio HERMAMSOLOÑA taldeari, baina azkenerako etsi egin behar izan dute. Hala, iaz iragarritako azken bi bidalketetako azkena, gaur bertan atera dute Bidebarrieta kaleko lokaletik ULMAko instalazioetara.

  Ia 15 tona material eraman da 920 kaxetan. Gehiena, arropa da baina tartean, oinetakoak, liburuak, jostailuak eta eskola materiala ere bidaliko da. Bilboko porturantz bihar irtengo den 35. kontainer honek, Oñati eta Jose C Paz artean egin diren 15 urteko bidalketa ibilbidea ixten du. HERMANSOLOÑAkoek, esker bereziak helarazi nahi dizkiete 15 urte hauetan lagundu dieten erakunde, enpresa eta banakakoei: Oñatiko herriari eta Udalari, Ulma, Irizar, Orona kooperatibei eta bertako bolondres nahiz bazkideei, ikastetxe, botika eta abarrei,  eta Arrasate, Bergara eta Aretxabaletan egitasmoarekin bat egin duten lagun ezberdinei. Era berean, eta Atlantikoz bestalde, lagun izan dituzten, San Jose Providente Fundazioari, Toki Eder euskal etxeari, Altube familiari, agustindarrei eta Jujuy-ko Luis Arregi oñatiarrari ere, eskerrak publikoki eman nahi izan dizkiete HERMANSOLOÑA taldeko kideek.

  Aurrerantzean, Argentinarekin elkar lanean jarraituko du gobernuz kanpoko erakundeak baina beste era batera. Aita eta ama pontekoen figura mantenduko du eta martxan dituen tailer eta zentruak mantentzeko diru laguntza bidaltzen jarraituko du baina material gehiagorik ez da bidaliko. Ez behintzat, Argentinako gobernuaren neurri protekzionista gogorrek jarraitzen duten bitartean.

  Baina Bidebarrietako lokalean arropa, oinetako eta bestelako materiala jasotzen jarraituko dute eta herriko talde ezberdinekin elkarlanean jarraituko dute. Gaur ULMAra Argentinarako materiala ez ezik, Greziako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaliko diren hiru palet bete material eraman dira. Hotz Oñati taldeak material bilketa kanpaina berezia du martxan herriko dendariekin elkar lanean; haurrentzako fardelak, esne hautsa eta eguzkitako kremak jasotzeko ari da maiatzaren 31ra arte. Batutako lehen materiala hiru paletetan egokitu da eta hori ULMAra eraman da jada. Hile akaberara arte batuko denarekin batera Bartzelonara igorriko da datorren astean, ekaina hasieran errefuxiatuen kanpamenduetara bidali dadin. Sahara eta Nepalerako materiala ere  gertatzen dihardu HERMANSOLOÑA taldeak. Ahaztu gabe, CARITASi helarazten diona.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!