Araozko eskola ostatu gisa egokitzeko lanak prozedura negoziatu bidez esleitzea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2019/04/04
Lehen esleipen prozesua bertan behera utzi zen inor ez zelako deialdira aurkeztu

  Ohiko esleipen prozesua abiatu zuen udalak Araotzeko neska eskola ostatu bihurtzeko lanak esleitzeko. Deialdi irekia egin zuen interesa zuten enpresak aurkeztu zitezen, baina eskaintzarik jaso ez zenez, prozesua bertan behera utzi zen. Orain, beste bide bat erabiltzea proposatuko da: prozedura negoziatua. Horrek esanahi du, hainbat enpresa zuzenean gonbidatuko direla esleipen prozesuan parte hartzera. Egin asmo diren lanen berri emango zaie eta beren eskaintza ekonomikoa aurkeztera gonbidatuko dira. Gaia arratsaldeko bileran eztabaidatuko da.

  Elorregiko autobus geltokiaz ere berba egingo dute gobernu taldeko kideek. Zerbitzua eta azpiegiturak zehazteko bilera eskatu zion udalak diputazioari eta jaso den erantzunaren berri emango da. Komuna jartzeko eskaera egin zuten Elorregiko auzotarrek aspaldi, baina autobus geltokia Oñati eta Arrasate arteko mugan egoteaz gain, foru aldundiari dagokion azpiegitura da.  

  Mendi federazioak igorri duen idatzia zertan den ere azalduko da arratsaldeko bileran. Ibilbide homologatuen inguruko azterlana aipatzen da mendi federazioaren idatzian. 18:00tan hasiko da gobernu taldearen asteroko bilera.

Iturria: Oñati Irratia