Araotz-basoan egurra ateratzeko pistak zabaltzearen inguruan kezka azaldu du Eguzki talde ekologistak

2018/07/20
Obra baimenik ez ematea eskatu dio udalari

   Aizkorri-Aratz Parke Natural eta Kontserbazio bereziko eremuan, Zerain eta Oñatiko udalerrietan, lau baso pista eraikitzeko proiektua tramitatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Oñatiko kasuan lursail pribatu batzuetan irekiko lirateke aipatu pista horiek, Araotz-basoa deritzon parajean, hain zuzen ere.

  Proposamena Gipuzkoako Aldundiak ezarritako baso politikan kokatzen du talde ekologistak, aipatu pistak eraikitzearen arrazoia, konifero masa ezberdinetako egurra mozteko baso kamioi eta traktoreei bidea egitea dela argitzen baitu. Pista berririk eraiki gabe egurra ateratzeko beste teknika batzuk badaudela dio talde ekologistak, eta inguruak pistaz bete, paisaia naturala suntsitu eta erosio prozesuak areagotu ez daitezen, Oñatiko udalari proiektatutako obrarako baimenik ez ematea eskatu du Eguzki talde ekologistak.

  Gai honi buruzko jakinarazpen ofiziala maiatzaren 30ean jaso zen udaletxean, Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendari Nagusiaren eskutik. 30 laneguneko epean proiektuak ingurumenaren gainean eragin esangarriak izan zitzakeen eta, hala bazen, inpaktu horiek saihesteko edo gutxitzeko hartu beharreko neurrien inguruan udalaren iritzia eskatu zen.

  Gobernu taldeak Oñatiko Hiri Antolaketako Arauetara jo zuen eta aipatu Araotz-basoa baso erreserba gisa sailkatuta dagoela jakinarazi da. Horren arabera, % 10eko malda gainditzen duten pista berriak ezin direla zabaldu argitu zaio diputazioari. Araotz-basoan hiru baso pista eraikitzeko asmoa dago eta hirurek %10eko malda hori gainditzen dute hainbat puntutan.

  Udaleko Ingurumena eta Landa Garapena departamentuan gaia bereziki zaintzen ari direla adierazi digu teknikariak.

Iturria: Oñati Irratia