Araotz auzoan Guifinet sarea osatzeko lanak egingo dira

2017/11/14
Auzoko 58 baserrik wifi bidezko internet konexioa izatea eskatu diote udalari

  Guifinet sarea Arantzazun jarri zen lehenik. Wifi bidezko internet seinalea auzora zabaltzeko emisore nagusia Gandiaga Topagunean kokatu zen lehen fasean. Aurten berriz, bigarren fasea osatu da, antena errepikagailu bat Gomiztegin jarriz eta seinalea, eskaera egin zuten 14 baserritaraino helaraziz.

  Arantzazuko lanak amaituta Guifinet sarea Araotz auzora zabaltzea erabaki zuen udalak eta interesa izango luketen auzotarrei izena emateko aukera eman zitzaien. 58 baserriren eskaerak jaso dira. Wifi seinalea Araotzera iristarazteko errepikagailu berri bat jarriko da Agerre baserri inguruan. Jabearekin ados jarri dira baina akordioa hitzarmen batean jasoko da, antenaren mantenu lanak eta abar zehaztuz. Behin seinalea zabaltzeko azpiegitura lanak eginda, baserri bakoitzerainoko lotura osatu beharko da. Izan ere, udalak, seinalea baserriraino eraman edo helarazteko lanak egingo baititu. Etxe barruko instalazioa, noski, jabeak egin beharko du.

  Araotz auzoan Guifinet sarea osatzeko lanak lehenbailehen egin asmo dira, horren araberakoa baita, urte hasieran udalari agindutako diru laguntza jaso  ahal izatea.  Arantzazu eta Araotz auzoetan wifi sarea hedatzeko proiektu honek Landaola Federazioak kudeatzen dituen landa inguruneko diru laguntza jaso baitu. Lanek 22.000 euro pasako aurrekontua dute eta % 55eko diru laguntza aginduta dauka udalak. Baina horretarako, lanak urte bukaera baino lehen egin beharko dira. 

Iturria: Oñati Irratia