Arantzazu- Arantxa izena dutenen 9. Topaketa egingo da maiatzaren 1ean

2016/04/19
Antolatu den bazkarian parte hartzeko izen ematea zabalik dago

  Arantzazu/Arantxen Topaketa bi urtetik behin ospatzen da, maiatzaren lehenengo igandean. Aurten, maiatzaren 1ean izango da beraz. Arantzazu izena, bere bariante guztiekin daramaten emakumeei Arantzazun biltzeko deialdia egin zaie.

  Ohiturak aldatzen ari dira eta gaurko neskatilei Arantzazu/Arantxa izena jartzea ez da oso ohikoa, baina asko dira, aurretik, izen hori daramatenak. Garai batean, 20.000tik gora izan ziren Arantzazu/Arantxa izena zeramatenak, topaketaren antolatzaileek jakinarazi digutenez. Ondorioz, topaketa hauetara gonbidatuz, 18.000 eskutitz bidali ziren urte batean. Etenaldi luze baten ondoren Arantzazuen topaketa  berreskuratu zen urtean 3.000 inguru Arantzazu bildu ziren. Gaur egun ez da halako deialdi handirik egiten baina kartelak jarri eta komunikabideen bidez hitzordua zabaltzen da. Batzen den Arantzazu kopurua ere txikiagoa den arren, ilusio handiz elkartzen dira, aurreko ezagunak agurtu, berriak ezagutu eta harremanak sendotzeko.

  Maiatzaren 1erako gertatu den egitaraua penitentziaren ospakizunaz hasiko da. Ondoren, eguerdian, meza nagusia izango da eta honen amaieran, talde argazkia aterako da Santutegi aurrealdean. Eguna borobiltzeko, bazkaria eta dantzaldia izango dira. Bazkarira joateko asmoa dutenek, aurrez izena eman behar dute. Horretarako, Laboral Kutxan propio ireki den kontu korrontean, 35 euro sartu behar dira. Diru sarrera hori egiteko azken eguna, datorren astelehena, apirilaren 25a izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Arantzazuen 6. topaketa (2010ean)