Apirilaren 4an hasiko da kale garbiketako arduradun lanpostua osatzeko azterketaldia

2017/03/21
Ariketa teorikoa izango dute hautaketa prozesura onartu diren 14 lagunek

  15 lagun izan ziren kale garbiketa zerbitzuko arduradun lanpostura aurkeztu zirenak. Batek ordea, ez zuen fitosanitario aplikatzaileen inguruko formakuntza egiaztatu eta ondorioz, hautaketa prozesutik kanpo utzi da. Gaur bertan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda.

  Onartu diren 14 hautagaiek bi aste barru, apirilaren 4an izango dute lehenengo azterketa. Ariketa teorikoa izango da eta lanpostuaren deialdian argitaratu zen gaitegian edota bete beharreko funtzioetan oinarritutako galdera sortari idatziz erantzun beharko zaio. Kale garbiketako arduradun plaza betetzeko azterketaldiari hasiera ematen dion ariketa hau, udal euskaltegian egingo da, apirilaren 4an esan bezala, 11:30tan hasita.

  Lehen azterketa horren ondoren beste bizpahiru gainditu beharko dituzte hautagaiek: azterketa praktikoa, elkarrizketa eta 3. hizkuntza eskakizunaren maila agiri bidez egiaztatu ez zutenek euskarazkoa ere bai. Baina lanpostua, lehiaketa oposizio sistemaz beteko da eta horrek esanahi du azterketaldia gainditzen dutenen formazio osagarria eta lan eskarmentua baloratuko dela lehiaketa fasean.

  Udalak urrian berreskuratu zuen kale garbiketa zerbitzua eta egun, hainbat langilek betetzen duten arren, ofizialki ez dago zerbitzu arduradunik. Hutsune hori bete asmoz abiatu zen kale garbiketako arduradun plaza betetzeko eskaintza publikoa.

Iturria: Oñati Irratia