Amaitu dira Etxaluzeko parkearen eraberritze lanak

2019/04/03
1.700 m2-ko azaleradun zoladura berritu da besteak beste, 240.000€-ko inbertsioarekin

  Azaro erdialdean hasi ziren eraberritze lanak astelehenean amaitu ziren egurrezko eserlekuak jarrita. Ikusgarriena, plazaren lurzoru osoa eraberritu izana da, 1.700m2 inguru. Kolore naturaleko asfaltoa erabili da horretarako. Gainera, hormigoizko hormatxoak eraiki dira han-hemenka, guztira, 100m lineal osatuz, eta jarri berri diren egurrezko 13 bankuekin batera eserleku ugari ditu orain Etxaluzeko parkeak. Argiteria ere berritu da, LED teknologiadun15 luminaria jarri dira, eta 3 zuhaitz berri landatu dira, 2 masustondo eta urki bat, lehendik zeudenak osatuz. Iturri berria jarri da gainera. Lazarraga kaletik parkeak duen sarreretako batean eta Otamendi taberna eta Kurtze Baltz elkartearen aurrean plazatxo bana egokitu dira.

  Etxaluzeko parkea eraberritzeko egin diren lan hauei esker parkea irekiago da orain, bereziki Bidaurreta aldetik zuen sarrera zabaldu baita. Irisgarriak bihurtu dira Lazarraga kalea, Bidaurreta eta Aita Lizarralde aldetik parkeak dituen sarrerak.

  Etxaluzeko parkea egokitzeko lanen proiektu teknikoa LKS-k egin zuen eta lanak Echaide eraikuntza enpresak egin ditu.

Iturria: Oñati Irratia