Amaitu da kirol teknikaria hautatzeko azterketaldia

2018/01/25
Hautagai bakarrak gainditu ditu proba guztiak, behin-behineko emaitzen arabera

  Euskara eta ariketa psikoteknikoa eta elkarrizketa izan dira kirol teknikaria hautatzeko egin diren azken probak. Biak zuzenduta, behin-behineko emaitzak argitaratu dira eta horien arabera hautagai bakarrak gainditu du azterketaldi osoa. Baina emaitzak behin behinekoak dira oraindik eta erreklamazioetarako epea bihar amaitzen da. Udaletxeko iragarki taulan ikus daitezken emaitzen arabera euskarazko azterketa erabakigarria izan da oposizio aldiaren azken txanpan. Hautagaiek 4. hizkuntza eskakizunaren maila eman behar zuten eta bakarrak gainditu du. 

  Azterketaldia amaituta, erreklamazioetarako epea itxi eta behin betiko emaitzak argitaratu bezain pronto, lehiaketa fasean, meritoen balorazioa egingo du epai mahaiak. Horiek agiri bidez egiaztatzea eskatu zitzaien hautagaiei.

  Orain aste batzuk abiatu zen hautaketa prozesu honen helburua udaleko kirol zerbitzua indartu eta eskola kirolaren koordinazio lanak egingo dituen teknikaria kontratatzea da. Lanpostua aldi baterako bete asmo du udalak eta hasieran, urtebetean-edo gauzatuko den programa aurrera eramateko ardura hartuko du teknikari berriak.

Iturria: Oñati Irratia