Oñatiko udala

Aita Menni enpresari behin-behinekoz esleitu zaio San Martin egoitza eta eguneko zentroko arreta zerbitzuaren kontratua

2018/05/29
Card image cap
Errepikatu den esleipen prozesuak lehenengoaren emaitza bera izan du

  Aita Menni eta Eulen enpresak aurkeztu dira bi prozesuetara. Eta bietan emaitzak parekoak izan dira, hau da, Servicios Sociales Aita Menniren eskaintzaren aldekoa. Baina aurrekoa bertan behera utzi zen eskaintzen balorazioaren kontrako alegazioa egin zuelako Eulenek. Errekurtsoen Administrazio Organoak ontzat jo zuen lizitazio deialdian aurreikusi ez ziren irizpideak erabili zirela ondorioztatu baitzuen. Akatsa konponezina zela ebatzita, esleipen prozesua bertan behera uztea erabaki zuen udalbatzak prozesu berria martxan jarriz. Bigarrena dagoeneko amaitu da eta behin-behineko esleipena onartu zen azken gobernu batzarrean, oraingoa ere, Servicios Sociales Aita Menniren alde, esan bezala. Behin-behineko esleipen hori behin betikoa bihurtzeko, hainbat ziurtagiri aurkeztu beharko ditu enpresak eta ia 280.000 euroko fidantza ordaindu beharko du. Gauzak ondo, eta kontrako alegaziorik ez badago, San Martin egoitza eta eguneko zentroko arreta zerbitzuaren kontratua Aita Mennirekin egingo da. Bi urtetarako kontratua beste bi urtez luzatu ahal izango da.

  Baina beste aldaketa esanguratsu bat gertatuko da San Martin egoitza eta eguneko zentroan aste gutxi barru. Gizarte zerbitzuen euskal sistemaren prestazio eta zerbitzuak arautzen dituen 2015eko legeak Aldundien eskumenekotzat jotzen ditu zaharren egoitzak eta eguneko zentroak. Hala Kabia foru erakundea sortu zen, Gipuzkoan udalen eta fundazioen esku zeuden zentro publikoak kudeatzeko. Oñatiko San Martin egoitza uztailean Kabiaren eskura pasatzea aurre ikusten da. Horregatik, bi zentroen arreta zerbitzu kontratatzeko prozesua Kabiarekin elkarlanean egin du udalak.

  Servicios Sociales Aita Mennik, udalak berak deialdian zehaztu zuen lizitazio prezioa mantendu du bere eskaintzan, hau da, 5.532.000 euro gehi BEZa, lehenengo urterako. San Martin egoitzan aldundiarekin hitzartutako 77 plaza daude egun baina urtean zehar beste sei sortzea aurre ikusten da. Eguneko zentroan berriz, hitzartutako plazak 30 dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!