Aita Madina, Potx eta Lotx pailazoak eta Juan Carlos Irizarren lan berriak eskuragarri Durangoko azokan

2017/12/05
400 nobedade baino gehiago aurkituko dira Landakon bihartik domekara arte

  Durangoko liburu eta disko azoka erreferentzia izan ohi da euskal argitaletxe, diskoetxe eta idazle nahiz artistentzat, baita oñatiarrentzat ere. Urtero lan berri ugari eskuragarri jartzen dira Landakoko stand-etan. Aurten, 400 nobedade baino gehiago iragarri dituzte eta besteak beste, Oñatiko artisten lanak izango dira.

  Liburugintzan, La musica vasca por el Padre Francisco de Madina liburua topatuko dugu. Lan hau berez, EKIN argitaletxeak Buenos Airesen 1943an kaleratu zuen liburuaren berrargitalpena da. Liburu hartan Aita Madinak idatzi zituen testuak hartu dira eta beste argitalpen batzuez osatu dira, hara nola, Aita Madinak berak musikaren inguruan kaleratu zituen 9 artikulu, Zubillagako musikariaren bibliografia eta honek sortutako musika konposizioen partitura eta grabatutako CDen zerrendak jaso dira liburu berrian. Xabier Ugartek osatu duen lana izan da eta Durangon salgai jarriko da.

  Potx eta Lotx pailazoen Herriko jaietan CDa ere Durangoko azokan aurkeztuko da. CDak 12 kanta ditu. Musika Josu Zubiarena da eta hitzak berriz, Txinparta bertso eskolakoenak. Durangoko azokaren ondoren, Potx eta Lotxen CDak Mizke eta Kiku goxoki dendetan eta Elkarren salmenta puntuetan eskuratu ahal izango dira 10 eurotan. Juan Carlos Irizarrek ere ez du hutsik egiten Durangoko azokan. Irailean Bizitzako koloreak lan berria aurkeztu zuen eta hori, eta aurreko diskografiako aleak, Durangon eskuratu ahal izango dira. Herriko beste musikari batzuen lan berriak ere Durangon topatu ahal izango dira datozen egunetan, bereziki auto-ekoizpenaren bidetik argitaratutako lanak, halakoak biltzeko stand berezia izaten delako Landakon.

  Durangoko azoka bihar hasi eta domekara arte luzatuko da. Landako gunea 10:30tatik 20:00tara irekiko da egunero.

Iturria: Oñati Irratia

Aita Madinaren liburuaren azala