Administrarien lan poltsa eratzeko bigarren azterketa ostegunean egingo da

2016/11/14
16 lagunek dute ariketa praktikora aurkezteko aukera

  16 lagun horiek gainditu baitzuten urrian egin zen azterketa teorikoa. Hilabete pasa da lehenengo ariketa hura egin zenetik, behin behineko emaitzak argitaratu ondoren hainbat erreklamazio jaso zirelako. Horiek aztertuta, behin betiko emaitzak pasa den asteartean kaleratu ziren eta bigarren ariketarako data berehala jakinarazi da. Azterketa praktikoa, ostegunean, hilaren 17an egingo da, 11:00tan eta udal euskaltegian.

  Bigarren azterketan, epaimahaiak jartzen dituen kasu praktikoak ebatzi beharko dituzte hautagaiek. Kasu horiek deialdiko gai zerrendako gaiekin edota administrariek bete beharreko funtzioekin lotura izango dute. Ostegunekoaren ondoren, oposizioaldia osatzeko beste ariketa bat edo bi gainditu beharko dituzte hautagaiek: azterketa psikoteknikoa eta 3. hizkuntza eskakizuna agiri bidez egiaztatu ez dutenek euskarari dagokiona ere bai. Lehiaketa prozesuan, azterketa guztiak gainditu dituztenen merituak baloratuko dira: agiri bidez egiaztatutako lan eskarmentua eta prestakuntza osagarria baloratuko dira. Bi fasetako puntuazioak batuta osatuko da administrarien lan poltsa, beti ere, lortutako puntuen araberako hurrenkera gordeaz.

  Udalak, administrarien lan poltsa horretara joko du langileen bajak bete edo aldian-aldian pilatu daitezkeen lanei aurre egin ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia