"Adinekoak eta familiak" informazio eta orientazio kanpaina abiatu du Udalak

2018/10/11
Gizarte zerbitzu arloan eta zahartze osasuntsua izateko baliabide eta programen informazioa emango da udaletxean

  Adinekoak eta familiak kanpaina hiru hilabetez luzatuko den errefortzu kanpaina da. Astelehenean irekiko den zerbitzu berriak adineko pertsonen eta familia zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea eta zahartze osasuntsua sustatzea du helburu. Udaletxeko sarrerako solairuan bulegoa zabalduko da herritarrei informazioa eta aholkularitza zerbitzua eskaintzeko. Adineko pertsonentzat, menpekotasun egoeran daudenentzat edota hauek zaintzen dituzten familientzat Udalak eta Diputazioak eskaintzen dituzten zerbitzu eta baliabideen berri emango da aipatu bulegoan.

  Adinekoak eta familiak zerbitzua doakoa izango da baina joan aurretik hitzordua eskatu beharko da udaletxeko telefonora deituta, 943 780 411 zenbakira deituta edo posta elektronikoz: adinekoaketafamiliak@gmail.com helbidean. Bulego hau udaletxeko sarrerako solairuan, ezkerretara, udaltzaingoa egon zen gunean zabalduko da, astelehenetik ostiralera,  17:00etatik 20:00tara. Bertan, Maider Barrena oñatiarra egongo da.

  Adinekoak eta familiak kanpaina hiru hilabetez luzatuko da eta epe hori bukatuta diagnostikoa egingo da udalaren ondorengo politika aktiboak zehazteko. Informazio bulegoarekin batera hitzaldi ziklo bat ere antolatu da. Urriaren 16an izango da lehenengoa Zahartzea bizi, mendekotasunarekin ala mendekotasunik gabe izenburupean, urriaren 23an, zaintzaileak bere burua zaintzearen garrantziaz berba egingo da eta abenduaren 11an azkenik, zaintza lanen erantzunkidetasunaz arituko dira. Hitzaldi guztiak, Kultur etxean izango dira 18:00tan hasita. Hitzaldiak dauden egunetan udaletxeko bulegoa itxita egongo da.

Iturria: Oñati Irratia