6231 kilo elikagai eta pixoihal batu zituen Hotz Oñati taldeak asteburuko elkartasun kanpainan

2018/04/25
Janaria ostiral goizean bidaliko da Zaporeak elkartearen biltegira

  Gobernuz kanpoko bi elkarteen bitartez bidaliko da Greziara pasa den ostegunetik larunbatera Oñatin batutako materiala. Biltokia Martutenen duen Zaporeak elkartearen bidez iraungitze data luzea duten lekale, kontserba eta olioa bidaliko da eta haurrentzako produktuak, pixoihal eta esne hautsa, Valentziako En Red SOS Refugiados elkartearen bitartez. Guztia Greziara joango da.

  Gaur goizean amaitu dute Martutenera eramango diren elikagaiak paletetan jartzeko lanak eta gaur-bihar bitartean, Valentziara bidaliko dena ere prestatuko dute. Janariak guztira, 5,5 tona dira eta haurrentzako esne hautsa eta pixoihalak 730 kilo.

  Valentziako bidalketa aste honetan edo hurrengoan egingo ote den zalantzan dago oraindik, azken zehaztapenak lotzeko En Red SOS Refugiados elkarteko erreferentziazko pertsonarekin harremanetan jarri ezinik daudelako. Baina ostiralean ez bada, datorren astean irtengo da azken material hori Oñatitik.

  Hotz Oñati taldeak elkartasun kanpaina honetan produktuak eman dituzten herritarrei, bilketan parte hartu duten dendariei, logistikarako materiala eta bitartekoak eskuratu dizkieten enpresei eta aktiboki lanean aritu ziren boluntario guztiei eskerrak eman nahi dizkie. Hotz Oñati taldeak asteburuan egin zuen elkartasun kanpainak helburu bikoitza zuen: errefuxiatuentzat elikagaiak eta higiene produktuak batzea eta errefuxiatuen errealitate gordina oraindik bizirik dela gogoraraztea.

Iturria: Oñati Irratia