Oñatiko udala

58 lagun aurkeztu dira jada larrialdiko zaintza zerbitzuan begirale gisa aritzeko

2020/05/25
Card image cap
Eskaerak aurkezteko epea bihar amaitzen da, 15:30tan

  Eskaerak udaletxeko HAZ bulegoan aurkeztu behar dira. Zerbitzua 7:30tatik 15:30tara irekitzen da baina joan aurretik txanda hartu behar da 010 doako telefonora deituta edo mezua haz@onati.eus helbide elektronikora bidalita.

  Udalak udan antolatu asmo duen larrialdiko zaintza zerbitzuan begirale gisa aritzeko oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira: lan-kontratua egiteko unean 16 urte beteta izatea, DBH tituluaren jabe izatea, funtzioak behar bezala betetzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea. Gainera, kontratazio unean ezingo da beste lan kontraturik izan.

  Meritoen atalean berriz, honakoak baloratuko dira: aisialdiko begirale titulua izatea, edo alde teorikoa osatuta izatea; hezkuntzarekin erlazionatutako ikasketak izatea; euskarari dagokionean 3. edo 4. Hizkuntza Eskakizunaren maila agiri bide egiaztatzea; oñatiarra izatea; udaleku irekietan, arte udalekuetan edo udako kirol jardueretan, edo Oñatin antolatutako aisialdiko ekitaldietan begirale gisa aritu izana eta sorospen mailan prestakuntza izatea. Horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dira.

  Begirale hautaketa prozesura aurkezteko eskaera orria udaleko web atarian eskuragarri dago. Horrezaz gain, nortasun agiriaren fotokopia, DBHko titulua, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiria eta lehiaketa fasean puntuagarri izango diren merituen egiaztagiriak aurkeztu behar dira. Goizean 58 eskaera zeuden erregistratuta baina gaur-bihar bitarte dezentez gehiago jasotzea aurreikusten dute udal arduradunek.

  Izena ematen duten horietatik zenbat beharko diren esaterik ez dago une honetan, udalak, udako larrialdiko zaintza zerbitzu hori nola antolatu, zein egun,ordutegi eta lekutan, erabakitzeko baitauka oraindik, eta gurasoei horretarako aukera emanda, premia zenbatek duten ere, ikusteko baitago. Kontziliazio arazoak dituzten familiei zuzendutako zerbitzu gisa planteatzen du udalak larrialdiko zaintza zerbitzu hau, haurrak zeinekin utzi ez daukaten familiei zuzenduta.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!