Oñatiko udala

54 eskaera jaso dira jada Iturrigorritik ateratako su egurra eskuratzeko

2016/09/07
Card image cap
Udalak egin duen eskaintzan parte hartzeko eskaera epea irailaren 12ra arte luzatu da

  Iturrigorriko pagadian bakanketa lanak egin behar dira soilguneak sortzeko helburuz. Lanak, iraila amaiera-urri hasieran egingo dira baina aurrez, zein eskaera dagoen jakin nahi izan da, salduko den egurra bakarrik ateratzeko.

  40-70 urte bitarteko pago adarrak moztuko dira eta hortik sortzen den egurra, sutarako salduko da. Su egurra, 20-60 zentimetro bitarteko diametroa duten 5 metro inguruko zatitan emango da eta guztira, 13-15 tonako kamioikada-loteak salduko dira. Bakanketa lan hauetatik, 50-70 bat kamioi ateratzea aurre ikusten da. Herritarrei, su egur kamioikada 680 eurotan erosteko aukera eskaintzen zaie. 

  Interesa duenak oinarrizko baldintza batzuk bete behar ditu: Oñatin erroldatuta egon behar du eta erositako su egurra norberaren etxeko kontsumorako izan behar da. Alegia, ezin da su-egur hori beste bati saldu. Etxe bakoitzeko eskaera bakarra onartuko da.

  Orain arte 54 eskaera jaso dira udal bulegoetan baina gehiago espero dira, epea, astelehenean amaituko baita. Hasieran, eskaerak irailaren 9ra arte jasoko zirela iragarri zen baina jai-eguna izaki, eskaera epea, astelehenera arte luzatzea erabaki da. Eskaerak udal bulegoetan presentatu behar dira.

  Deskuidoan, jasotako eskaerak berez ateratzen diren kamioikada-loteak baino gehiago badira, esleipena zozketa bidez erabakiko da. Zozketa, publikoa izango da eta beharra badago, hartarako eguna aurrez jakinaraziko da.

  Egurra, esleitu edo zozketa egin ondorengo bi hilabeteetan entregatuko da. Baina su egurra jaso ahal izateko, lotearen ordainketa aurrez egin beharko da Udalak emandako kontu korrontean dirua sartuz. Su egurraren garraio eta zamatze lanak Udalaren kontura izango dira. Kamioia eskatzaileak aldez aurretik esandako tokian hustuko da.

  Hirugarren aldia da Udalak Iturrigorriko pagoak moztu edo bakanketa lanak egitearen ondorioz, herritarrei su egurra erosteko aukera eskaintzen diela. Aurretik, 2010ean eta 2012an egin zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!