50 positibo berri atzeman dira Oñatin ostiraletik igandera

2021/02/15
14 eguneko intzidentzia metatua 1.212 da une honetan, 5.000 biztanletik gorako herrien artean handiena EAEn

  Zuritik gorrira pasa da Oñati Covid-ari dagokionean, zuritik gorrira, hitzez hitz. Otsailaren 2an 70eko intzidentzia metatua izatetik 1212ra pasa da, otsailaren 15ean; 5.000 biztanletik gorako herrien artean kopuru baxuena izatetik kopuru handiena izatera pasatu da bi aste exkaxetan.

  Asteburuan atzeman diren positiboetako asko ikastolako ikasleen eta berain zuzeneko harremanen artean atzeman dira. Gogoratu ostegunean Txantxiku ikastolako bigarren hezkuntzako ikasle eta irakasleen artean baheketa egin zuela Osakidetzak, Covid positiboak ugaltzen ari zirela ikusita. Baheketan parte hartu zuten ikasle guztiak etxean daude, berrogeialdia betetzen, positibo edo negatibo eman, guztiak harreman zuzentzat jo baitzituen Epidemiologia departamentuak.
Ikastolan inauterietako oporrak dituzte, ostegunera arte, eta tarte hori aprobetxatzen ari dira bigarren hezkuntzako eraikina desinfektatzeko.

  Txantxiku ikastolako ordezkariak Hezkuntza Sailarekin harremanetan daude ostegunetik aurrera zer egin erabakitzeko, eskolak online ematen jarraitu edo aurrez aurrekoekin hasi erabakitzeko. Izan ere, baheketaren aurretik itxi ziren lau geletako ikasleak ostegunean ikastolara itzultzeko moduan izango baitira, berrogeialdia bete eta gero.

Iturria: Oñati Irratia

Ikastolako ikasleak PCRa egitearen zain (Arg:Goiena)