5 eskaera aurkeztu dira orain arte Bidebarrieta kaleko 24an udalak hutsik duen etxebizitza soziala alokairuan hartzeko.

2013/03/01
Epea, atzo, otsailak 28, amaitu zen.

 Epe barruan jasotzen diren eskaera guztiak aztertuko dira eta udalak jarritako baldintzak betetzen ote dituzten begiratuko da lehenik, alegia, Oñatin azken 5 urteetan erroldatuta egon eta bertan bizitzen ari diren egiaztatuko da eta eskatzaileen eta bizikidetza unitatearen urteko sarrerak, lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,7 aldiz handiagoak ez direla ere begiratuko da. Izan ere, etxebizitza sozial bat errentan emateaz ari gara eta horrek esanahi du, ekonomikoki ohiko alokairu merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboei zuzenduta daudela.

  Oinarrizko bi baldintza horiek betetzen dituzten kasuak baloratuko dira ondoren. Horretarako 2011ko martxoan jada baremoak berrikusi eta eguneratu zituen udalak. Eskatzaile bakoitzaren gizarte eta familia egoera, orain arte izan duen bizilekuaren egoera, lan gaitasuna eta egoera ekonomikoa egiaztatu eta baloratuko dira. Horren arabera, puntuaziorik altuena lortzen duen eskatzaileari alokatuko zaio udalak Bidebarrieta kaleko 24 zenbakian lehenengo A den etxebizitza.

  Alokairu prezioa ere, dituen diru sarreren arabera finkatuko da.

  5 dira esan bezala, orain arte beren eskaera aurkeztu duten herritarrak.

Iturria: Oñati irratia