Oñatiko udala

25 langabe gutxiago Oñatin, azaroan

2020/12/02
Card image cap
Irailean hasitako beheranzko joerak jarraipena izan du, hirugarren hilabetez

  399 langabe zenbatu ziren azaroan gurean, martxotik lehen aldiz, 400neko langaren azpitik. Eta azpimarratzekoa da irailean hasi zen beranzko joerari eutsi egin zaiola, modu nabarmenean gainera, hiru hilabeteotan 89 langabe gutxiago erregistratu baitira Oñatin. Une honetan, herriko langabezia tasa % 7,33 da.

  Oñatin ohikoa izaten da azaroan langabezia murriztea baina aurtengoa urte berezia da, baita ekonomia eta enpleguari dagokionean ere, eta horregatik aipagarria da ohiko joera bete dela eta langabeen kopuruak behera egiten jarraitzen duela.
Nagusiki gizonezkoen artean egin du behera langabeziak gurean, adin tarte guztietan murriztu da baina bereziki 45 urtetik gorako gizonezkoen artean. Emakumeen artean berriz, 25 eta 44 urte artekoenetan egin du behera langabe kopuruak eta gora aldiz, gazteago nahiz nagusiagoen taldeetan. Langabeen aurreko jarduerari erreparatuta, industrian aritutakoen artean murriztu da nagusiki langabe kopurua, aldiz, zerbitzuen arloan ez da maila berean jaitsi.

  Orain urtebeteko datuekin konparatuta aldea handia da, iazko azaroan, orain baino 87 langabe gutxiago baitzeuden herrian eta epea laburtuz, osasun alerta egoera indarrean sartu zen martxoan ere, orain baino 26 langabe gutxiago zeuden Oñatin.

  Hego Euskal Herrian ere jaitsi egin da langabezia azaroan, 5.416 gutxiago erregistratu dira. Baina aipagarria da, aldi baterako enplegu erregulazioan 16.000 gehiago zeudela, 42.000 guztira. Igoera hori bereziki ostalaritza lokalak ixtearen ondorio izan da. Ostatuen itxieraren eragina beste datu batean ere ikus daiteke: autonomoen prestazio berezia urrian baino 13.700 autonomo gehiagok jaso dutela, alegia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!